Handia zen manifestazioan parte hartzeko deia egin zuten eragileen zerrenda, eta neurri berekoa izan da erantzuna ere. Milaka eta milaka pertsona bildu ziren atzo Iruñean Nafarroako Gobernuak hezkuntzan egin dituen murrizketen aurka. Antioniutti parketik abiatu eta Gazteluko plazarainoko ibilbide guztia hartu zuen ia jende ilarak. Kilometro eta erdi luze zen pankarta nagusiaren atzeko jendetza, eta bete egin zuten, kasik, plaza, amaierako ekitaldian. 20.000 bat manifestari,guztira, udaltzainek adierazitakoaren arabera. Lelo bakarra manifestazioaren buruan: Hezkuntzan, murrizketarik ez.
Beste hamaika pankarta ere baziren jendetzaren artean. Nafarroako txoko guztietako eskoletako kideek egindakoak ziren gehienak. Guztiak mezu nagusi horrekin sintonian. Iruñeko institutuak, Nafarroa iparraldeko landa eremuko eskoletako ikasle eta irakasleak, baita Villafrancakoak ere. Guraizeen irudiak ageri zituzten askok paparretan, eta baita afixetan ere, murrizketen aurkako ezezkoa adierazteko. «Murrizketarik ez», «Ez da dirurik falta, lapurrak daude sobera», eta «Barcina, Barcina, moztaile fina» izan ziren manifestariek oihukatu zituztenetariko batzuk.
Hartutako erabakia bertan behera uztea, eta hezkuntzako inbertsioa berreskuratzea. Hori zen gobernuari helarazi nahi zioten mezu nagusia. Hezkuntzan ordezkaritza duten bederatzi sindikatuek egin zuten bat deialdiarekin, zenbait hezkuntza eta osasun saileko langile batzordek, hezkuntza eta guraso elkarteek, eta baita Bildu, Ezkerra eta NaBai koalizioek ere. Gurasoei eman zieten ahotsa, ordea, amaierako ekitaldian, eta Miren Otxoa Sortzen Ikasbatuaz elkarteko kideak eta Santiago Alvarez Herrikoa elkarteko kideak irakurri zuten amaierako ekitaldiko manifestua.
Nafarroako hezkuntza publikoaren osasuna «ona» dela aipatu zuten Otxoak eta Alvarezek, baina arriskuan egon daitekeela ohartarazi zuten, UPN eta PSNren gobernuak erabakitakoagatik. Gobernuak egungo krisialdi ekonomikoa erabiltzen omen du murrizketak justifikatzeko, baina, antolatzaileen ustez, Nafarroak baditu hezkuntza sistema publikoari eutsi ahal izateko nahikoa baliabide. «Hala izan da beti, eta hala jarraitu beharko du». Lehentasun kontua da, izan ere, Otxoa eta Alvarezen hitzetan. «Ez ote dugu argi non inbertitu behar den krisialdi garaian?».
Egoera ez dela ona onartu, eta zerbitzu publikoetan ez murrizketarik egiteko eskatu zioten manifestuaren sinatzaileek Nafarroako Gobernuari. «Ez dago hezkuntza bezain beharrezkoa den zerbitzurik: justizia, aukera berdintasuna eta gizartearen kohesiorako bermea delako». Ez dutela amorerik emango esan zuten. Ez, behintzat, parlamentuak eta gobernuak 2012ko aurrekontuetan kalitatezko hezkuntza publikoa «bermatu ahal izateko beste baliabide jarri» eta «ezarritako murrizketetan atzera egiten ez duen arte».
Umoreak ere izan zuen tarterik, aldarrikapenen artean. Gazteluko plazako kioskotik, mexikar kantuen doinuan ere egin zioten eskaria Jose Iribas Hezkuntzakontseilariari. Ironiaz hautatu zuten Cielito mio (Ene laztantxoa) doinu ezaguna, eta kantuan jarri zuten plaza. «Ai, ai, ai, ai, / inbertitu eta ez murriztu / ze murriztu behar baduzu, / Iribas, ene laztantxoa, / niri ere eragiten didazu».
Mobilizazioen beharra
Beste manifestari askok bezala, seme-alabak inguruan zituela mintzo zen atzo Fermin Milla. «Nabarmen eragiten diete gure seme-alabei murrizketek», azaldu zuen, eta adibide bat eman zuen: «Nire alaba nagusiaren tutoreak hanka apurtu zuen kurtso hasieran, eta hamabost egunez egon dira tutorerik gabe. Ordezkorik ez dute jarri, eta ahal izan dutena egin dute gainontzeko irakasleek, baina, funtsean, hamabost eskola egun galdu dituzte. Kasu bakar bat da hori. Hamaika dira halakoak».
Antsoaingo Ezkaba eskolara doaz Andoni Quesadaren bi umeak. «Hezkuntza publikoaren aurrez aurreko erasoa da murrizketena». Ez omen du murrizketen ondorioz arazorik izan, baina inguruko lagunek izan omen dute traba bat baino gehiago. «Lagun askori entzun diogu eskolen hasiera atzeratuz joan dela ordezkorik lortu ez dutelako. Beharrezkoa da mobilizazioa, arazoa handiagoa bilaka ez dadin».
Bi deialdi egin dituzte hurrengo eguneratarako. Bi orduko lanuzteak izango dira asteartean, eta manifestazioa ere antolatu dute hilaren 27rako.
Hezkuntzako inbertsioari eusteko eskatu dute milaka pertsonak Iruñean
Hezkuntza beharrezko zerbitzu publikoa dela babestu dute aspaldian Iruñean egin den protesta jendetsuenean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu