HEZKUNTZA

Hezkuntzako oposizioak 2019an izango dira Nafarroan

2018an egingo du deialdia gobernuak, baina azterketak urtebete geroago egingo dituzte, sindikatu eta irakasle talde batzuek eskatu zuten eran. Zerrenda bakarrarekin aurrera egingo duela berretsi du Solana kontseilariak.

Maria Solana Nafarroako hezkuntza kontseilaria (eskuinean) agerraldi batean joan den urrian, Mari Jose Beaumont arne kontseilaria aldamenean duela. IñIGO URIZ, ARGAZKI PRESS
Garikoitz Goikoetxea.
2017ko azaroaren 21a
14:24
Entzun

Irakasle postua lortzeko azterketak ez dituzte datorren urtean egingo Nafarroan, baizik eta 2019an. Hezkuntzako mahai sektorialeko bilera egin dute, eta han eman du aldaketaren berri Nafarroako Gobernuak. 73 postuko lan eskaintza egitekoa du Hezkuntza Departamentuak. 2018an egitea nahitaezkoa zela azaldua zuen orain baino lehen. Zirrikitu bat hartuko du orain: deialdia, bai, 2018an egingo du, baina azterketak, 2019an.

Sindikatu eta irakasle talde batzuek eskatua zuten aldaketa hori. Haur eta Lehen Hezkuntzako oposizioak izango dira. Irakasle talde horien kexua zen 2018an Nafarroan bakarrik egingo zituztela azterketak, eta horrek "dei efektua" eragingo zuela: beste leku batzuetatik joango zirela azterketak egitera Nafarroara. 73 lanpostuko eskaintza dute oraingoz, eta aztertzen ari dira zenbat gehiago atera ahalko dituzten 2019rako.

Beste aztergai bat ere izan dute mahai sektorialean: zerrenda bakarra. Laukotean eta parlamentuan azaldu zuen eran, Maria Solana kontseilariak sindikatuei azaldu die "legezkoa" dela zerrenda bakarra ezartzea, eta aztertzen ari direla nola kudeatu. Gehiengo sindikalak babestu egin du zerrenda bakarra: ELAk, LABek eta Steilasek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.