HEZKUNTZA

Hezkuntzan 5.000 postu eskaintzea proposatu du Jaurlaritzak

Lehen iragarri baino 2.000 postu gehiago dira. Haur eta Lehen Hezkuntzan ordezkapenak lehen egunetik egitea ere eskaini die sindikatuei. Grebara deitu duten sindikatuek, baina, ez dute aski ikusi proposamena.

Hezkutzan antolatutako greba egun bateko manifestazioa. LUIS JAUREGIALTZO, ARP
Garikoitz Goikoetxea.
2017ko irailaren 27a
08:12
Entzun

Mahai sektorialeko bilera egin dute Eusko Jaurlaritzak eta hezkuntzako sindikatuek, irakasleen arloko lan gatazka bideratzeko asmoz. Lan gatazka betean daramatzate azken hilabeteak, eta greba dei gehiago eginak dituzte sindikatu nagusiek —ELA, LAB eta Steilas—. Atzo bertan, elkarretaratzeak egin zituzten Jaurlaritzaren egoitza atarietan.

Hiru proposamen jarri ditu mahai gainean Jaurlaritzak:

1. Lan eskaintzak. Agintaldi honetan 5.000 lanpostu eskainiko dituzte, aurrez iragarri baino 2.000 gehiago. Cristina Uriarte sailburuak nabarmendu du “egonkortasunaren aldeko apustua” dela hori, behin-behinekotasuna jaistea dakarrelako. Behin-behinekotasun datuei buruz ez datoz bat sindikatuak eta gobernua: Jaurlaritzak dio irakasleen %27 daudela behin-behinean, eta, lan deialdi horiekin, %17 izango direla; sindikatuen arabera, berriz, %38 daude egoera horretan, eta, deialdien ondoren, %25 izango dira.

2. Ordezkapenak. Sindikatuen ohiko aldarrikapena da ordezkapenak azkarrago egitea. Proposamen hau egin du gobernuak: Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan lehenbiziko egunetik jartzea irakasle ordezkoak. Sindikatuek aurrerapausotzat jo dute eskaintza hori, baina “motz” geratzen dela iritzi diote, Bigarren Hezkuntzako ordezkapenak ez dituztela-eta lehen egunean egin nahi.

3. Behin-behinekoak. Postu finkorik gabe dauden irakasleei dagokienez, Jaurlaritzak proposatu du behin-behinean dauden postu horretan uztea, harik eta lan deialdian bete arte.

Grebara deitua duten sindikatuek ez dute nahikotzat jo Jaurlaritzaren eskaintza. ELAko ordezkari Xabier Irastorzak, adibidez, ohartarazi du ikasgeletako ratioak jaistea “marra gorria” dela, eta hori lortzeko irakasle gehiago hartu behar direla. Steilaseko kide Aitor Idigorasek nabarmendu du Jaurlaritzaren eskaintza ez dela “gutxienekora” heltzen. Jakinarazi dute eutsi egingo dietela mobilizazioei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.