Hezkuntzan bizikidetza bultzatzeko akordioa sinatuko dute gaur Bilbon

Jaurlaritzak sustatu du agiria, eta bat egin dute, besteak beste, Ikastolen Elkarteak eta EAEko hiru unibertsitateek

Maixabel Lasa eta Isabel Zelaa, iaz, Bakerako Hezkuntza Planeko materialak aurkeztekoan. LUIS JAUREGIALTZO / ARP.
Garikoitz Goikoetxea.
2011ko abenduaren 30a
00:00
Entzun
Hezkuntzaren alorrean bizikidetzaren alde egiteko akordio bat sinatuko dute gaur eguerdian Eusko Jaurlaritzak, zentro pribatu eta publikoetako arduradunek, hezkuntzako eragileek eta bakegintzan diharduten elkarteek. Horietako guztietako hogei arduradun baino gehiago izango dira gaur ituna sinatzeko ekitaldian, eguerdian, Bilbon. BERRIAk jakin ahal izan duenez, giza eskubideak urratzearen aurkako eta bizikidetza indartzearen aldeko konpromisoa hartuko dute eragile horiek, eta hezkuntzan gisa horretako balioak indartzearen alde egingo dutela adieraziko dute.

Argazki berria utziko du ekitaldiak. Hitzarmena sinatzen izango dira, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Isabel Zelaaz gain, Ikastolen Elkarteko, Kristau Eskolako, EHIGE guraso elkarteko eta EAEko hiru unibertsitateetako ordezkariak —EHUko, Mondragoneko eta Deustuko errektoreak—. Agiria izenpetuko dute, halaber, Bakeaz, Bakeola, Baketik eta Fernando Buesa fundazioek, eta Bakearen Aldeko Koordinakundeak.

Giza eskubideen aldeko aldarria egingo dute hitzarmenean, eta horiek justifikatu izanaren aurrean «jarrera kritikoa» indartzeko asmoa jakinaraziko dute. Biktimak ere hizpide hartuko dituzte. Hezkuntzaren alorrean «benetako bizikidetza demokratikoa» sustatzearen aldeko jardunak egitearen alde agertuko dira.

Ikasleak balioetan heztea oinarrizkotzat jo dute sinatzaileek. «Orainaren eta iraganaren egiazko ezagutza sakon eta integrala» izan behar dute estudianteek, haien iritzian, «bizikidetza oso, integratzaile eta iraunkor baten aro berri bat berma dezaten».

Eusko Jaurlaritzak iaz aurkeztutako Bizikidetza Demokratikorako eta Indarkeriaren Deslegitimaziorako Planak baino babes nabarmen zabalagoa jaso du gaur sinatuko duten agiriak. Bizikidetzarako Hezkuntzaren Aldeko Konpromisoa izango du izenburu. «Irizpide politikoz» jardutea egotzi zioten Jaurlaritzari eragile gehienek. Oraingo hitzarmena zabalagoa da. ETAren indarkeriaz ari zen Zelaaren plana, eta beste indarkerien biktimak apenas hartu zituen aintzat planean eta materialetan. «Eskubideak haustearen ondoriozko biktimak» aipatzen dira oraingoan.

Asmo orokorrak azalduko dituzte gaur izenpetuko duten agirian; ez da ageri zehazki zein ekimen egingo dituzten. Bakoitzak autonomia duela adieraziko dute.

Gehiengo sindikala, kanpoan

Babes zabala izango du agiriak, baina ez erabatekoa. Hezkuntzako gehiengo sindikalak —LAB, EILAS eta ELA— ez du sinatuko. ELAk ohar bidez jakinarazi du «kezka eta konfiantzarik eza» dituela. «Hezkuntza Sailak astebetean sinatu nahi izan du, gogoetarik eta eztabaidarik gabe». LABek dio «presaz eta erabilera politikoz» egindako adierazpena dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.