Espainiako Gobernuak gaur onartu du hezkuntza erreformarako aurreproiektua. Autonomia erkidegoen eskumenak mugatu egingo ditu Madrilek: aurrerantzean edukien %65 ezarriko ditu PPren gobernuak —orain arte %55 agintzen zituen—. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak zeresan gutxiago izango dute curriculuma ezartzeko orduan, horrenbestez. Jose Ignacio Wert Hezkuntza ministroak ukatu egin du "birzentralizaziorako pausoa" dela erreforma. "Lege gehiegi pilatu dira azken urteetan hezkuntzaren alorrean, eta hori argitu egin beharra dago".
Aurreproiektua eginda, hezkuntza komunitateko eragile batzuei iritzia eskatuko diete, eta Espainiako Kongresura igorriko dute proposamena. Gobernuaren asmoa da urtea amaitu aurretik iristea parlamentura eta datorren ikasturtean indarrean jartzea erreforma.
Hona hemen Madrilek proposatu duen proiektuaren oinarri nagusiak.
1. Eskumenak. Curriculumaren zati handiagoa izango du Espainiako Gobernuak: %65 aginduko du, orain baino hamar puntu gehiago. Wert ministroak argi utzi du estatuak hiru zeregin hartuko dituela bere gain: oinarriko legeak, ebaluaziorako irizpideak eta edukien %65 berak ezarriko ditu. Hegoaldean, Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren ahalmena curriculumaren %35era mugatuko da, eta hezkuntzaren kudeaketara.
2. Ikasgaiak. Wert ministroak adierazi du "edukien sakabanaketa" arazoa dela gaur egun. Lau ikasgai indartuko dituzte: Gaztelania (eta Euskara, ereduaren arabera), Ingelesa, Matematika eta Zientziak. Ordu gehiago izango dira irakats-aldi guztietan. Gobernuak ez du argitu zein ikasgai kenduko edo murriztuko dituzten.
3. Ebaluazioa. "Azterketa nazionalak" izango dira Lehen Hezkuntzatik hasita. Gobernuak atzera egin du hasierako asmoetan, eta LHko 6. mailako azterketak ez du eraginik izango ikasle bakoitzarengan. LHn, bi aldiz egingo dituzte azterketak (3. mailan eta 6. mailan), eta ikasle bakoitzaren egoera aztertzeko erabiliko dituzte, laguntzak jartzeko. DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren amaierako azterketak, bai, izango du eragina: gainditu egin beharko da titulua lortzekotan; aprobatu ezean, errepikatu egin beharko da 4. maila. Batxilergoa amaitzean ere berdin: etsamina gainditu beharko da titulua lortzeko. Horrekin, desagertu egingo da selektibitatea, unibertsitatera sartzeko azterketa. Nolanahi ere, unibertsitate bakoitzak aukera izango du egoki irizten dion azterketa bat egiteko zein ikasle hartu erabakitzeko.