Hezkuntzan murriztera behartuko du PPk

Autonomia erkidegoek dute eskumena, baina murrizketak aginduko ditu PPk; «bai edo bai» egin beharko dituzte

Garikoitz Goikoetxea.
2012ko apirilaren 11
00:00
Entzun
Zenbakiak jarri ditu Espainiako Gobernuak, eta non murriztu ere bai: hezkuntzan eta osasunean 10.000 milioi euro gutxiago gastatu beharko dituzte aurten autonomia erkidegoek —tartean EAE Euskal Autonomia Erkidegoak eta Nafarroak—. Argia da oharra, gainera: «bai edo bai» aurreztu behar da dirutza hori, eta, areago, defizit muga betetzen ez duten erkidegoen kontrola bere gain hartzeko mehatxua egin du gobernuak, Cristobal Montoro Administrazio Publikoko ministroaren bidez. Isabel Zelaa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua izan da lehena erantzuten: «Auzitara joko dugu Raxoiren gobernuak gure eskumenak ukitzen baditu».

Gastua gutxitzeko agindu du Madrilek, nondik egin behar den ere bai, baina hortik aurrera apenas eman duen informazio gehiago. 10.000 milioi aurrezteko agindua bera ere prentsa ohar baten bidez jakinarazi zuen herenegun arratsaldean. Kexu agertu da Zelaa: «Erkidegoen eskumenak ukitzen dituzten neurriak iragarri ditu Madrilek haiekin bildu gabe». Ondoeza agertu du Jose Iribasek ere, Nafarroako Hezkuntza kontseilariak, hedabideen bidez jakin duelako murrizketen berri. «Ezkutuan» aritzea salatu du EAJk.

Ez dago erabat argi zein eragin izango duten iragarpen horiek Hegoaldean. Hori nabarmendu du Iribasek: «Ikusteko dago nola eragingo diguten Nafarroan. Estatuko diru sail orokorrek ez diete eragiten gure proiektu askori».

Derrigortu egingo dituzte erkidego guztiak, Montororen arabera. «Legeak behartu egiten ditu». Defizita kontrolatzeaz harago, ordea, beste urrats bat ere egin nahi du Madrilek, zentralizatzailea: «Bikoiztutako eskumenak aztertuko ditugu, eta eskumenen oreka ere bai. Aurki egingo dugu».

Nafarroako neurriak eredu

Hezkuntzan emango dute lehen pausoa. Erkidegoen eskumena da, baina aginduak emateko prest dago Jose Ignacio Wert ministroa. Bilera bat egitekoa du Hezkuntza sailburuekin hurrengo astean; murrizketarako bideak jarriko dizkie mahai gainean.

Proposamen batzuk eginak badizkie Wertek PPren esku dauden erkidegoei, eta, berri agentzien arabera, oso litekeena da horiek berrestea gainerakoei. Nafarroan aurtengo ikasturterako hartutako neurri bat du esku artean Madrilek: irakasleei eskola ordu gehiago jartzea. Astean lau bat eskola ordu gehiago jarri nahi dizkie —21 edo 22—; horren bidez, irakasle gutxiago beharko lirateke, maisu-maistra bakoitzak talde gehiagotan emango lukeelako eskola. Nafarroan, sindikatuen arabera, 235 irakasle gutxiago ari dira aurten, neurri horren eraginez. Behar bereziak dituztenei laguntzeko-eta denbora gutxiago dute.

Montorok ez du baieztatu hori izango ote den hezkuntzan murrizketak egiteko hartuko duten bideetako bat, baina baietz pentsatzeko bidea jarri du: «Irakasleei ahalegin handiagoa eskatu behar zaie, jadanik erkidegoren batean egin dutenaren adinakoa».

PPren esku dauden erkidegoei proposatutako beste neurriak ikasleen kopuruarekin du zerikusia: talde batean egon daitezkeen ikasleen gehienezko kopurua igo egin nahi du PPk. EAEn, esate baterako, honako hauek dira gehienezko ikasle kopuruak taldeko: Haur Hezkuntzan 23, Lehen Hezkuntzan eta DBHn 25, Batxilergoan 30 eta Lanbide Heziketan 25.

Ikasleak gehiago pilatzea da Werten asmoa, irakasle gutxiago behar izateko hezkuntza sisteman. Frantziako Gobernuak azken urteetan egindako bide bera litzateke, azken batean: herrialdean milaka irakasle kanporatu dituzte, eta ikasleak pilatu egin dituzte taldeetan. Salaketa hori maiz egin dute Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan ere. CCOOk egin du kalkulua: 100.000 irakasle kaleratuko dituzte Hego Euskal Herrian, Espainian, Herrialde Katalanetan eta Galizian.

Unibertsitatea, «oso garestia»

Ez da izango neurri bakarra. Unibertsitatean ere eskua sartzeko asmoa du Wertek; datorren astean, Hezkuntza sailburuak ez ezik, Unibertsitateen Kontseilua ere biltzekoa du. Kargua hartu zuenetik esan eta esan ari da ministroa: karrera gehiegi dago. Zenbaki bat ere eman du: unibertsitate ikasketen %42an ez dago nahiko ikasle karrera horiek ematea justifikatzeko. Gutxieneko ikasleen kopuruak handitu nahi dituzte, eta 55 estudiante izatea jar dezakete gutxieneko; zuzeneko eragina luke horrek Hegoaldean, eta handiagoa euskarazko ikasketetan, ikasle gutxiago izaten baitituzte—gaur egun, ikasle gutxiago eskatzen dira euskarazko ikasketetan gaztelaniazkoetan baino—.

Unibertsitateetan ikasketa berdinak ematea ere ez du ondo ikusten Madrilek; espezializatu egin behar dutela nabarmendu du. «Oso garestia» baita gaur egungo unibertsitate sistema, gobernuaren ustez. Hori esan du Montoro ministroak. Unibertsitaterako sarbidea mugatzearen aldeko dela iradoki du, nabarmenduz ikasketa horiek hasten dituztenen artean hamarretik lauk utzi egiten dituztela lehen urtearen ondoren. «Etsigarria da». Matrikulen prezioak igotzeko asmoa du Wertek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.