Urtebete baino gehiagoko prozesuaren ondoren aurkeztu dute hezkuntzarako proposamena, Kalitatezko hezkuntza bermatzeko zoru pedagogiko eta etikoa: hezkuntza hobetzeko gakoak izenburupean. Agiria taxutzen 30 bat laguneko talde iraunkorra aritu da, eta dozenaka adituren ekarpenak ere bildu dituzte. “Ariketa librea” egin dute, Hik Hasiko ordezkari Joxe Mari Auzmendiren esanetan. “Proposamen bat egin dugu, eskaintza irekia”. Eztabaidarako dokumentua izatea nahi dute.
Dozenaka proposamen ageri dira agirian, baina oinarri nagusia da hezkuntzari buruzko ikuspegia aldatu behar dela. “Foku aldaketa: hezkuntza guztion ardura da”. Horrekin batera, ohartarazi dute haurrak “osotasunean” hartu behar direla kontuan. “Jendarteak izan behar du heziketaren protagonista; heztea bere egitekoa dela sentitu behar du”.
Horretarako, hiru oinarri proposatu dituzte:
1. Publikotasuna. Hezkuntzaren eskumena administrazioarena denez, azaldu dute finantzaketa eta segimendu publikoa izan behar direla.
2. Autonomia. Egitasmoak garatzeko autonomia izan behar dutela ikastetxeek. Bi aldetatik: batetik, barne antolaketa eskolak berak “erabaki eta eratu” behar duela; bestetik, arlo pedagogikoan ez dela behar “estatuaren eta botere ekonomikoaren kortserik”.
3. Herria. Ikastetxeak ez ezik, “herri hezitzaileak” behar direla. Horretarako, ezinbestekotzat jo dute udalen eta herriko gainerako eragileen inplikazioa.
Oinarri horiek garatzeko, hamar gako proposatu dituzte, heziketaren bidean funtsezko direnak: hezkuntzaren balioak, konpetentziak, hezitzaileen prestakuntza, zuzendaritzak, eleaniztasuna, antolaketa administratiboa, finantzaketa... Horien barruan, dozenaka proposamen. Tartean daude, adibidez, honako hauek: hautaprobak kentzea, euskal kultura lehenestea, irakasleen euskara gaitasuna bermatzea, eskolek “langileak aukeratzeko autonomia” izatea, udalek eskumenak izatea, inbertsioan Europako ehunekoetara iristea...
Hezkuntzako eragileei aurkeztu diete dokumentua, eta orain administrazioan eragin nahi dute. Horrekin batera, ikastetxeetara ere helarazi nahi dute agiria, eztabaidarako.