Txomin Solabarrieta Etxaburu ohorezko euskaltzaina hil egin da. Bilboko elizbarrutiak atzo jakinarazi zuen oso gaixo zegoela. Solabarrieta Ondarroan jaio zen, 1927. urtean. Apaiza izan zen, eta euskara sustatzen jardun zuen Bizkaiko parrokietan. Horrez gain, Adorez taldeko kide ere izan zen, eta parte hartu zuen hamabost hiztegiren argitalpenean.
Solabarrieta ohorezko euskaltzain izendatu zuten 2018ko apirilaren 27an, eta Urrezko Luma jaso zuen 2011ko Bilboko Liburu Azokan.
Idatzi zituen lanen artean dira Sinonimoen hiztegia (elkarlanean, 1984), Adorez hiztegiak: euskara-gaztelania = castellano-vasco (elkarlanean, 2009) eta Eskola hiztegia: oinarrizko hiztegia (elkarlanean, 2013).
Andres Urrutia Euskaltzaindiko lehendakariak adierazi du Solabarrietak "giza testigantza egokia" eman duela, "fedea eta euskara uztartuz". Haren esanetan, "euskara bizia jasotzeko gogoa zeukan", eta hiztegigintzaren bidez egin du hori.
Euskaltzaindiak zabaldu duenez, hileta-elizkizuna apirilaren 24an izango da, Begoñako baselizan (Bilbo), 19:00etan.