Hilabete bakarrean 4.371 gaztek eskatu dute Emantzipa programaren laguntza

Alokairuan edo etxea erosita emantzipatzeko 300 euroko laguntzaren programa «aurreikuspenekin bat» doala esan du Eusko Jaurlaritzak.

Gizon bat etxebizitzen prezioei begira, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Gizon bat etxebizitzen prezioei begira, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
xabier martin
2024ko martxoaren 26a
13:00
Entzun

Gazteen emantzipazioan laguntzeko Emantzipa programaren diru laguntza eska liteke otsailaren 20az geroztik Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Emantzipatzen ari diren 25 eta 29 urte bitarteko gazteei hilean 300 euro emango dizkiete, gehienez bi urtez, Eusko Jaurlaritzaren programa horri esker, eta hilabete bakarrean 4.371 gaztek eskatu dute laguntza hori, Jonan Fernandez Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren idazkari nagusiak jakinarazi duenez.

Bizkaian egin dituzte eskaera horien %52,5, Gipuzkoan %33,7, eta Araban %14,1. Emantzipatzeko alokairua hautatu dutenak dira laguntza eskatzaile gehienak, %71,9 hain zuzen; gainerako %28,1ek etxea erosi ondoren eman dute izena Jaurlaritzaren programan. Eskatzaileen %60,9 emakumeak izan dira, eta %39,1 gizonak. Fernandezek esan du datu hori bat datorrela emantzipazioaren alorrean sexuen artean dagoen desberdintasunarekin, «hamar puntu gehiago baita emakumeen kasuan, 25-29 urte artean».

21.000 eurorainoko diru sarrerak

Emantziparen 300 euroko laguntza bi urtez jasotzeko programarekin batera, beste prestazio batzuk jaso daitezke Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta hala egiten dute eskatzaileen %39,1ek. Horien erdiak Gaztelagun programaren onuradunak dira. Eskatzaile gehienak, ordera, soilik Emantzipa laguntzaren onuradungaiak dira, lehen hilabeteko datuak aintzat hartuz betiere.

Jaurlaritzak aurreikusi du lehen urtean 15.000 gaztek baino gehiagok eskatuko dutela laguntza hori, eta 53 milioi euro jarriko dituzte horretarako. Emantzipan izena eman duten gazteen batez besteko diru sarrerak 19.000 euro dira urtean, alokairuaren bidez laguntza eskatu dutenen artean. Etxea erosi dutenen artean, batez besteko diru sarrerak 21.000 euro dira urtean.

Fernandezek gogoratu du Emantzipan izena emateko epeak zabalik jarraitzen duela, eta eskaerak egitera animatu ditu baldintzak betetzen dituzten gazteak.

Etxebizitza bakoitzean, hiru

Jaurlaritzak iazko abenduan iragarri zuen emantzipatzeko zuzeneko laguntza bat abiatuko zuela gazteentzat, eta otsailean zehaztu zuen Iñigo Urkullu lehendakariak hilean 300 eurokoa izango zela. Gainerako baldintzen berri ere orduan eman zuen: urtean 28.000 euroz azpiko diru sarrerak izatea —edo 34.000 eurotik beherakoak, errenta aitorpena ezkontidearekin edo izatezko bikotekidearekin batera egiten bada—; Araban, Bizkaian edo Gipuzkoan erroldatuta egotea gutxienez urtebetez, edo azken hamar urteetan hiru urtez jarraian erroldatuta egon direla egiaztatzea; eta emantzipatzen ari direla frogatzea, alokairu kontratu baten edo etxebizitza libre baten erosketa kontratu baten bidez. Fernandezek gaur berretsi du babes ofizialeko etxebizitza bat dutenek, izan alokairuan edo jabetzan, ezingo dutela laguntza hori eskatu.

Era berean, argitu du etxebizitza bakoitzean gehienez hiru lagunek eskatu ahalko dutela emantzipaziorako laguntza: «Etxea partekatzen dutenen kasuan, laguntzaren zenbatekoa ez da jaitsiko». Bikoteen emantzipazioa ez eragoztea da horren helburuetako bat, Fernandezek azaldu zuenez, «batez ere bi kideetako bat —sarri, emakumea— egoera prekarioago batean dagoenean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.