Herrira mugimenduak antolatu duen Goazen plazara ekitaldiari atxikimendua eman zioten atzo Bilbon Euskal Herriko gizarte eta kulturako zenbait arlotako ordezkariek. Hala, maiatzaren 19an Euskal herriko plazetan euskal preso politikoen eskubideen alde izango diren ekitaldietara batzeko deia egin zuten, eta Espainiako eta Frantziako gobernuei sakabanatzea amaitzeko eskatu zieten.Horrekin batera, deialdiari atxikimendua agertu dioten Euskal Herriko eta nazioarteko eragileen zerrenda aurkeztu zuten; horien artean, kazetaritza, kultura, unibertsitate, kirol, zuzenbide, politika eta zenbait herri mugimendutako 170 ordezkari inguru agertzen dira.
Euskal Herriko eragileen artean, besteak beste, atxikimendua agertu dute: Patxi Zubizarreta idazleak, Maialen Lujanbio bertsolariak, Ines Osinaga eta Kepa Junkera musikariek, Oinatz Bengoetxea pilotariak, Alex Txikon mendizaleak, Imanol Murua kazetariak eta Txema Ramirez de la Piscina eta Jose Mari Pastor unibertsitateko irakasleek.
Deialdiak nazioarteko zenbait eragileren babesa jaso du, halaber: besteak beste, Carina Maloberti sindikalista argentinarrarena, Carlos Fernandez Liria Madrileko unibertsitate irakasleena eta Susana Etchegoyen Buenos Airesko parlamentari ohiarena.
Agerraldian, Ana Saez de Urbain eta Manu Ugartemendia Herrira-ko kideek bakearekin eta giza eskubideekin konprometi daitezen eta sakabanatzea amai dezaten eskatu zieten gobernuei. Horrekin batera, eskatu zuten gobernuek giza eskubideak bestelako eztabaidekin ez ditzatela nahas, eta gogorarazi zuten sakabanatzea amaitzeko aski dela legea betetzea: «Garai berriotan nabarmena da eskari honen zabaltasuna eta sendotasuna, baina egia da, halaber, gobernuak direla presoen eskubideak bermatzeko urratsa beren eskuetan dutenak. Urrats hori egin dezatela eskatzen diegu, jendarte gehiengoaren espektatibei eta bake prozesuaren premiei erantzun baikorra emanez», azaldu zuten.
Herrira-ko ordezkariekin batera eragile izan ziren, besteak beste, Amaia Zubiria abeslaria, Begoña Zabala abokatua, Iñaki Olasolo kazetaria, Irati Anda eskalatzailea, Jesus Uzkudun sindikalista, Eba Ferreira kirolaria eta Martxelo Otamendi BERRIA-ko zuzendaria. Halaber, Gontzal Mendibil abeslariak, Kirmen Uribe idazleak eta Ramon Barea aktoreak beren babesa bideo bidez helarazi zuten.
Saez de Urbainek eta Ugartemendiak sakabanaketaren ondorioak salatu zituzten eta aurreko asteburuan auto istripuetan zauritutako euskal presoen senideak gogoan izan zituzten ekitaldi hasieran. Beraiekin batera, Zubiriak, Andak eta Olasolok espetxe-politika salatu zuten, eta hilaren 19an hiri eta herrietako plazetara biltzera deitu zituzten herritarrak.
Euskal preso politikoen eskubideen alde, urtarrilaren 7ko «manifestazio kolosala» gogoan izan zuten, halaber, eta azpimarratu zuten «begi bistan» geratu zela espetxe politikak ez duela sostengu politikorik, ezta sozialik ere.
Hilaren 19an euskal presoen eskubideen alde egitera deitu dute hainbat eragilek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu