Hogeita bost urtean sarri gurutzatu dira AFAN Nafarroako Erailen Senideen Elkartearen eta Altafaylla kultur elkartearen bideak. Bietako kide da Juan Carlos Berrio (Tafalla, 1959). 1986an hasi zuten elkarlana, eta Navarra 1936: De la esperanza al terror liburu ezaguna izan zen hasierako fruitua. Igandean ekitaldia eginen dute Tafallan, liburuaren eta AFAN elkartearen 25.urteurrena ospatzeko.
Nola sortu zen AFAN elkartea?
Gerora AFAN sortuko zuten pertsonek Franco hil ondoren gorpuak ateratzeko egin zituzten lehenbiziko indusketetan ezagutu zuten elkar, 1975. eta 1978. urteen bitartean. Garai hartan, hain zuzen ere, hildako kopuruaren inguruko tirabira piztu zen. Jaime Del Burgok [1936ko gerrako erreketeen kapitaina] Nafarroan 678 fusilatu baino ez zirela izan adierazi zuen. Jose Maria Jimeno Juriok [nafar historialaria] hildakoak 2.466 zirela erantzun zion 1982an, gaia ikertu eta gerra ezagutu zuten pertsonen testigantzak jaso ondoren.
Urtebete geroago, Salas Larrazabal jeneral frankistak bere ikerketa propioa kaleratu zuen, eta hildakoak 1.190 izan zirela esan zuen. Hori dela eta, indusketetan elkar ezagutu zuten pertsonak lanean hasi ziren. Zurrunbilo horretan, Jimeno Juriok bere materiala eman zion Altafaylla kultur elkarte sortu berriari. Orduan sortu zen AFAN elkartea ere, eta bien artean ekin zioten Navarra 1936:De la esperanza al terror liburuaren proiektuari. Lan horren bitartez, 1986an ondorioztatu genuen Nafarroan hildakoak 2.789 zirela. Gerora, 2008an, datuak berritu eta erailen kopurua 2.868ra igo genuen.
Hildakoak zenbatzeko helburua bete duzuela esanen zenuke?
AFAN zifren tirabira horretan sortu zen, baina benetako borroka oroimenaren eta duintasunaren aldekoa izan zen. Borroka horretan jarraitzen dugu, nahiz eta azkenaldian hildakoen ezagutza handituz doan. Edonola ere, AFANen beti defendatu dugu hildakoen ideiak aldarrikatzeko beharra. Hezurrak jasotzearekin batera hildakoen ideiak eta pentsamendua ere jaso behar ditugu. Batek ez du zentzurik bestea gabe.
Baliteke zifrek benetako gaitik desbideratu izana. Edonola ere, bai, esan dezakegu oro har bete dugula hildakoak zenbatzeko helburua.
Zer ekarpen egin dio Navarra 1936: De la esperanza al terror liburuak oroimen historikoari?
Gaizki dago nik esatea, baina objektiboki esan dezakegu oinarrizko ekarpena izan dela. Lan aitzindaria izan zen, eta eredu bilakatu zen gerora etorriko ziren beste hainbat egitasmorentzat. 25 urte geroago, oraindik ere, ateak irekitzen dizkie beste proiektu batzuei, eta harro sentitzen gara horretaz.
Liburuaren ekarpen dokumentalaz haratago, liburua sortzeko prozedura bera baloratu da sarri.
Auzolanean eginiko lana izan zen, lan kolektiboa. Altafaylla liburua sortu zuen katebegia izan zen, baina ezinezkoa izanen zen aurreko katebegiak gabe, Jose Arana, Jimeno Jurio eta halakoak gabe. Gerora beste katebegi batzuk etorri dira, eta katea bera izan da garrantzitsuena, eta gaur egun hor segitzen du.
Urteetan jasotako dokumentazioa Euskal Memoriaren eskuetan uztea erabaki duzue orain. Zergatik?
Uste dugu Altafayllak bete duela bete beharreko lanaren atala. Orain beste batzuei bidea irekitzeko garaia da. Gainera, uste dugu errepresioak jarraitu duela; ez zen 1936an bukatu, frankismoan jarraitu zuen, trantsizioan jarraitu zuen, eta, tamalez, egun ere badago. Beraz, lanaren jarraipena beharrezkoa da.
Edonola ere, beste hainbat proiektu dauzkagu esku artean. Sarri gertatzen da norberaren lanaren biktima bilakatzen garela, eta baliteke guri hori gertatu izana, Navarra 1936... lanarekin. Halere, oraindik badira egitasmoak.
Lana ez da bukatu, beraz.
Oroimen historikoaren aldarrikapenarekin jarraitu beharra dago. Biktimak ezin dira biktima huts gisa hartu, benetako arrazoiak zeintzuk izan ziren aztertu beharra dago. Ez dago oroimen historikorik aldarrikapenik gabe eta hildakoen ideiek bizirik jarrai dezaten borrokatzen ez bada. Hildakoen ezagutzak heriotzen arrazoien ezagutza ere izan behar du.
Juan Carlos Berrio. AFAN elkarteko kidea
«Hildakoen ideiak jaso behar ditugu hezurrak jasotzen ditugun bitartean»
25 urte ditu AFANek, 36ko gerran Nafarroan hil zituztenen senideen elkarteak. Horko eta Altafaylla kultur elkarteko kidea da Berrio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu