Hego Euskal Herrian interes aldakorreko hipoteka maileguek erreferentzia gisa hartzen duten indizeak, euriborrak, %3,921ean amaitu du urtea. Abenduko batez besteko datua da hori, eta 2002ko maiatzera atzera egin beharra dago hain maila handian ikusteko euriborra. Horrek esan nahi du orain hipoteka mailegua ordaintzen ari diren herritarren poltsikoak nabarituko duela zuloa.
Urtarrilean hipotekaren kuota berritu behar dutenei batez beste 97 euro igoko zaie hipoteka mailegua. Hortaz, datorren urtean, guztira, batez beste aurten baino 1.167 euro gehiago ordaindu beharko dute. Uneotan, iraileko azken datuen arabera, finantza erakundeek batez beste 160.734 eurorekin finantzatzen dute etxebizitzaren erosketa.
Euriborrak goranzko joera etengabea hartu du. Asteazkenean, aspaldiko partez, %4ko langa gainditu zuen, eta atzo berriz, %4,021ean amaitu zuen. Hala, %3,921 abenduko batez besteko datua da. Adituek aurreikusten dute uneotan euriborra aurreratzen ari dela eta Europako Banku Zentralak laster interes tasak igoko dituela. Aurreikuspenek diote 2007ko lehen hiruhilekoan eta urte amaieran hartuko duela dirua garestitzeko erabakia. Horrek esan nahi du, aurreikuspen horiek betetzen badira, ziurrenik datorren urtean, %4an amaituko dutela interes tasa orokorrek.Dena den, hemendik aurrera euriborraren joera lasaitu egingo dela uste dute adituek, eta gaineratu dute goranzko joera leunduko dutela. Kontuan hartu behar da, iazko irailetik gorantz dabilela etengabe, baina azken hilabeteetako igoerei erreparatuta abendua izan da euriborra gutxien igo den hilabetea (%0,057).
ETXEBIZITZARENMOTELTZEA. AHE Espainiako Hipoteka Elkarteak uste du,euriborraren eta interes igoerak zeharkako eragina izango duela etxebizitzaren merkatuan. Aspaldian esan eta esan dabiltza prezioen igoera geldotuko dela, eta AHEk uste du 2007an hipoteken erritmoa moteldu egingo dela.
Hilean batez beste 97 euro gehiago ordainduko dute hipoteka orain berritu behar dutenek
Euriborrak %3,921ean amaitu du urtea, 2002. urteaz geroztik izan duen mailarik handienean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu