Bizkaiko emakume bat hilik aurkitu zuten atzo Castro UrdialeskoVallegon industrialdean, indarkeria zantzuekin. Arratsaldeko hirurak aldera topatu zuten gorpua, Espainiako Gobernuak Kantabrian duen ordezkaritzak jakinarazi duenez. Guardia Zibila ikertzen ari da gertatutakoa; hasiera batean, baztertu egin zuen genero indarkeriako kasu bat izatea, baina geroago hipotesi horri heldu zion Poliziak. Labanaz eginiko zauriak ere bazituen gorputzean.
Hildako emakumea, Leire G.B., Zierbenakoa zen (Bizkaia), eta 29 urte zituen. Adin berekoa zen ustezko hiltzailea, eta emakumearen familiak duen enpresan lan egiten zuen. Espainiako Gobernuak jakinarazi duenez, ustezko hiltzaileak aurrekariak zituen hainbat sexu erasorengatik, eta hura ere hilik topatu zuten atzo bertan; Castro Urdialesko etxebizitza batean agertu zen urkatuta, poliziek emakumearengorpua aurkitu eta bizpairu ordura. Gizonezkoa urkatuta agertzeak eta sexu erasoengatik aurrekariak izateak eraman dute Guardia Zibila ustea aldatzera; bortxaketa saioa da orain hipotesi nagusia, Espainiako Gobernuaren arabera.
Urteko seigarren biktima
Hipotesia baieztatzekotan, aurten genero indarkeriagatik hil duten bosgarren andrea da atzokoa, eta indarkeria mota horren seigarren biktima orotara. Martxoaren 25ean, Caridad Angeles Rodriguez Arrieta 38 urteko emakumea hil zuen bikotekideak, 26 urteko gizon batek. Andrearen etxean, Tolosako Larramendi auzoan (Gipuzkoa) aurkitu zuten gorpua, labankada arrasto ugarirekin. Bikotekideak aitortu zuen berak hil zuela.
Maiatzaren 5ean, Gabriela Arosemena zendu zen, 22 urtekoa, Durangon (Bizkaia). Gizon batek atxikia zuen bere etxebizitzan, eta leihotik erorita hil zen andrea. Ertzaintzak ez zuen argitu nola erori zen leihotik, baina bahituta eduki zuen gizonezkoari egotzi zion andrea gogoz kontra atxikitzea. Maiatzaren 25ean, berriz, Mirella Sierra 42 urteko emakumea hil zuen bizilagun batek, Bilboko Deustua auzoan, labankadaz. Hilketa bizilagun bati egotzi zioten, 37 urteko gizonezko bati. Auzotarrekin liskar handiak izaten zituen gizonezkoak, bereziki emakumeekin, eta 11 salaketa jarriak zituzten bizilagunek haren aurka.
Ekainaren 2an, gizonezko bat izan zen genero indarkeriaren biktima. Bilboko San Frantzisko auzoan, gizon batek emazte ohiaren bikotekidea —gizonezkoa hura ere— hil zuen labankadaka. Hildakoa emazte ohiaren bikotekidea zenez, Eusko Jaurlaritzak genero indarkeriarekin lotu zuen hilketa hori ere, «zeloek sortutako jokabide matxistek» eragin zutelakoan.
Senperen (Lapurdi) gertatu zen orain arteko azken kasua, ekain amaieran.Ustez Binta Keita 42 urteko emakumea hil eta bere buruaz beste egin zuen gero Robert Rocquebert 85 urteko gizonak. Haren ondoan topatu zuten emakumea hiltzeko erabili zuen eskopeta. Gizonezkoaren Urguri auzoko etxean aurkitu zituzten jendarmeek bien gorpuak, auzokoek ohartarazi ostean aspaldi ez zituztela ikusi.
Atzokoarekin, iaz baino gehiago dira indarkeria matxistaren biktimak. Bost emakume hil zituzten 2011. urtean.
Hilik topatu dute Zierbenako andre bat Castro Urdialesen, indarkeria zantzuekin
Genero indarkeriako kasua izatea baztertu du Poliziak hasieran, baina bortxaketa saioa da orain hipotesi nagusia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu