Hipoteka pagatu ezin duen gizon bati oraingoz etxea ez kentzea lortu dute
Agoitzen (Nafarroa), hipoteka ordaindu ezin duen gizon bat etxetik ez kanporatzea lortu zuen atzo Stop Desahucios elkarteak. Kanporatze hori «eperik gabe» atzeratu du Nafarroako Kutxak. Berez, atzo goizean ziren hara joatekoak Nafarroako Kutxako ordezkari bat eta idazkari judizial bat, gizonari etxea uzteko agindua ematera. Hainbat herritar, bai, bertaratu ziren, gizonari babesa agertzera, eta agindua ez zen iritsi. Stop Desahuciosek jakinarazitakoaren arabera, Nafarroako Kutxak beste urratsen bat egitea erabakia du. «Ez dakigu zehazki zer, baina oso garrantzitsua iruditzen zaigu. Bitartean, funtsezkoa da protestekin jarraitzea». Iruñean hilaren 10ean jarri zuten halako kasuetarako bitartekaritza zerbitzua, eta, udalak emandako datuen arabera, astebetean 32 herritarrek jo dute hara laguntza eske. Bestalde, Bermeon (Bizkaia), hipoteka ordaindu ezin duen herritar bati etxea trukean ematea onartu diote. Kaltetuak buruko isuria izan zuen, eta gurpil aulki batean dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu