Egunero Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hamabost familia inguruk beren etxeetatik alde egin behar izaten dute, hipoteka ordaindu ezinda. Baina ba al dago tresna juridikorik auziak hala amai daitezen saihesteko? Zordunak nola babestu aztertu zuten atzo Bilbon, Bizkaiko Abokatuen Bazkunak antolatutako jardunaldietan. Luis Maria Cordero abokatuak azaldu zuen haientzat erronka bat dela arazoa: «Hipoteken inguruko legeen norabidea aldatu egin behar dugu: urratu gabe, inguratu, eta aplikaezin bihurtu». Eta baikor izateko arrazoiak badaudela erantsi zuen: «Duela lau urte pentsaezina zen hipotekei buruzko legeria auzitan jartzea. Gaur badaude erabaki juridiko aitzindari batzuk, legeak egungo egoerara moldatu dituztenak. Horiekin jolastu behar dugu guk».
«Zuzenbidetik justizia ateratzeko» ahaleginez mintzatu zen Juan Luis Ibarra EAEko Auzitegi Nagusiko presidentea ere, jardunaldiak irekitzean; «Krisiak banketxeen erreskate milionarioa justifikatzen badu, are arrazoi gehiago daude beren ohiko etxea gal dezaketen familien erreskatea legitimatzeko». Ildo horretan, hipoteka pagatu ezinda dabiltzanak «fede oneko» zordunak direla nabarmendu zuen, «ezin zutelako aurreikusi krisiak etxea ezin ordaintzea eragingo ziela».
Sarri, ordea, beranduegi eskatzen dute laguntza, etxea enkantean dutenean, esaterako. «Bankuari ordaindu ezin diotenez, uste dute abokatuari ezingo diotela pagatu. Horregatik da hain garrantzitsua doako justiziaren kontzeptua zabaltzea», esan du Corderok. Eta abokatuen egitekoa askoz lehenago hasten dela gaineratu du: «Hipoteka ordaindu ezin duen lehen alditik behar du zordunak aholkularitza juridikoa: banketxea maileguaren baldintzak berriro negoziatzera esertzeko gai izan behar du».
Bizitokirik gabe geratzea ere saihets dezakete abokatuek. Jabetza galdu arren, familiak beren etxea izandakoan bizitzen gelditzea negozia daitekeela nabarmendu du: alokairu bat ordaindu, etorkizunean etxea berriz erosteko aukera hitzartu... Sendiei ez ezik, banketxeei ere komeni zaie: «Bankuak etxea bereganatu eta aktiboetan sartzen badu, ezingo du etekinik atera, merkatua geldituta dagoelako. Aldiz, familia bertan geratzen bada, bankuak diru sarrera bat edukiko du, eta etxea zainduta egongo da. Halakoak egin daitezke, finantza erakundeen borondatearekin».
Konstituzioa ez da nahikoa
Epaileek emandako ebazpen batzuk ere bidea urratzen ari dira: hipoteka bertan behera uztearekin batera zorra kitatzea onetsi dute zenbaitek. Halere, mailegua deuseztu eta zorra eskatzen jarraitzen dutenean, banketxeek tasazio balioarekin duten loturan ikusten dituzte abokatuak zirrikituak: «Merkatuak hondoa jo du, eta etxeek gutxiago balio dute, baina zordunek %100 pagatzen jarraitzen dute. Guk uste dugu tasazio baliora arte ordaindu behar dutela zorra».
Bestela ere, etxebizitza duina edukitzeko eskubideen defentsa hutsa hankamotz geratzen da epaitegietan. Adibidez, Espainiako Konstituzioak berak eskubide hori aitortzen du, baina praktikan, abokatuek ezin dute argudio gisa erabili, Corderok azaldu duenez: «Legeak interpretatzeko orduan, epaileek kontuan hartu behar dute Konstituzioa, baina ezin dituzte legeok urratu. Eta ikusi dugu auzibide legediak ondo funtzionatu duela 150 urtean; beraz, ezin dugu egun batetik bestera aldatu. Ezberdin aplikatzen saiatzean dago gakoa».
Hipotekei buruzko legeen «norabidea aldatzeaz» mintzatu dira abokatuak
Ibarrak esan du zilegi dela mailegua ordaindu ezinda etxebizitza galtzear daudenak «erreskatatzea»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu