Hiri hondakinen plana luzatu egin nahi du Bizkaiko Foru Aldundiak

Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak ezarritako hamahiru helburutik hiru ez dituzte bete. 2020 arteko luzapena adostu nahi dute

Asier Arrate Iruskieta.
Bilbo
2017ko urriaren 10a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Indarrean dagoen hiri hondakinen planeko helburu «gehienak» bete direla argudiatuta, Bizkaiko Foru Aldundiak luzatu egin nahi du 2005-2016 arteko hiri hondakinen plana. Hori adostu nahi du Batzar Nagusietako talde politikoekin. Aldundiaren arabera, luzapen horren helburua da Europako Batasunak 2030erako ezarriko dituen helburuekin bat egingo duen plan bat lantzea.

Elena Unzueta Jasangarritasun eta Ingurumen diputatuak Bizkaiko Batzar Nagusietan aurkeztu zuen atzo planaren azken ebaluazioa. Haren hitzetan, Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak ezarritako hamahiru helburuetatik hamar bete dituzte. «Bakar bat ez da bete», azaldu du Unzuetak: zero isuri gordinena, hau da, tratamendurik gabe zabortegietan isuritako hondakinena. 2016an, %19,1 izan zen horien portzentajea. Unzuetak lan gatazka batekin lotu du helburu hori bete ez izana: iaz apiriletik urrira TMB plantan egindako lanuztearekin.

Ahaldunak gaineratu du bete gabeko beste bi helburuak ez direla«bere osotasunean» bete. Batetik, aparatu elektriko eta elektronikoen gaikako bilketa: helburua da 4,6 kilo biltzea pertsonako urtean, eta 3,4 batu dituzte. Bestetik, beiraren eta paper eta kartoiaren birziklatze tasa: helburua da %60 birziklatzea, baina ez dira —beiraren %59 birziklatu dute, eta paperaren eta kartoiaren %54—. Helburuen artean ez badago ere, ez da Europak jarritako %4ko konpostatze tasa bete. Unzuetak nabarmendu du gainerako helburuak lortu direla, eta planaren analisitik ondoriozta daitekeela Bizkaiak Europako arauekin «bat» egiten duela.

Bete diren helburuen artean,nabarmendu du biztanle bakoitzak urtean 527 kilo hondakin sortzen dituela, 2001eko kopuru berbera —egunean 1,13 kilo—; hondakin komertzialek ez dutela 220.000 tonako muga gainditu, ezta hiriko hondakinek 697.000 tonakoa ere. Unzuetak azaldu du hondakinen %80,9ren «balorizazioa» lortu dela. Balorizazio horretatik, hondakinen %43 birziklatu dela zehaztu zuen.

David Lopategi EH Bilduko batzarkideak salatu zuen batzordean datuak emateko «forma», eta emandako datuen «sinesgarritasun» falta. «Planaren helburuak bete direla baino gehiago, agerian geratu dira lurraldeak dituen arazoak». EH Bilduko kideak adierazi zuenez, ez dituzte «sakoneko aldaketak» egiten, ez dute babestuko planaren jarraipena.

GuraSOSen eskaria atzera

EAEko Auzitegi Nagusiak atzera bota du GuraSOS taldeak Gipuzkoako erraustegiaren inguruan parte hartze prozesu bat egin ez zelako jarritako helegitea. Epaiak dio Gipuzkoako Foru Aldundiaren jardunak ez duela urratu Espainiako Konstituzioan jasotako partaidetzarako eskubidea, besteak beste, pertsona fisikoei dagokielako. Aldundiak adierazi du gauzak «zuzen» egin dituela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.