Jean Rene Etxegarai, Alain Iriart, Mathieu Berge, eta Max Brisson hautetsiak izan dira, besteak beste, goizean Hiriburuko (Lapurdi) eskolan egin duten elkarretaratzean. Murgiltze ereduaren esperimentazioa ezarri nahi zuten Baste Quieta eskolan, ama eskolako haurrentzat. Paristik debekua jaso zuten uztailean. Atzo, Ipar Euskal Herriko hautetsi delegazio bat joan zen Parisera, Frantziako Hezkuntza ministerioko kontseilari batekin mintzatzera. Bilkuran ez zuten baiezkorik jaso, eta negoziaketek segitu beharko dutela adierazi zuen Alain Iriart Hiriburuko auzapezak.
Max Brissonek atzo iragan zen bilkura aipatu du: «Parean ukan dugun kontseilariak murgiltze ereduaren esperimentazioa jartzeko koadro juridikoan zona gris bat bazela erran digu. Baina legeak hobetzen ahal direla erran diot».
Ipar Euskal Herriko beste herrietako auzapezak ere hurbildu dira. Gainera, Seaskako, elebidun giristinoko eta elebidun publikoko ordezkariak ere bertaratu ziren, Ikas bi eta Biga bai guraso elkarteekin batera.