Leitzako hiru gazte adingabek Auzitegi Nazionaleko Adingabekoen aretora joan behar dute gaur, «terrorismoari gorazarre egitea» leporatuta. Martxoan, errepide kontrol batean Frantziako Poliziak Jone Lozano atxilotu zuen, eta, handik egun gutxira, deialdiak egin zituzten Leitzan eta Areson, hura atxilotu izana salatzeko eta lanuzteak egiteko. Martxoaren amaieran, kartelak jartzen ari zirela, Guardia Zibilak hiru gazte identifikatu zituen; apirilean, guardia zibilek beste hiru gazte identifikatu zituzten, hura Euskal Herriratzea eskatzeko argazkia jartzeagatik. Sei gazteei diligentziak ireki dizkiete.
Horietako hiru gazte adingabe deitu dituzte gaurko Auzitegi Nazionalera. Lozanoren aldeko mezuak jarri edo argazkiak eskegitzeagatik «terrorismoaren gorazarre egitea» leporatzen diete gazte horiei. Hori ikusirik, Leitzako hainbat herritarrek gertaera hori gogor salatu dute. «Behin eta berriz kriminalizatzen gaituzte, baina Leitzan dagoen elkartasunak errepresioa garaituko du», nabarmendu dute.
Era berean, gaineratu dute elkartasuna «balio garrantzitsua» dela «kriminalizatua eta zigortua izateko». Leitzarren arabera, presoekiko elkartasun adierazpenak zigortu nahi dira: «Euskal presoen argazkien sorgin ehiza honetan, presoen muturreko bizi baldintzen salaketa, sakabanaketa eta errepresioa bera salatzea delitu bihurtu dituzte. Argazkiak aitzakiatzat hartuz, euskal presoekiko elkartasuna gure herriko txokoetatik ezkutatu nahian sei gazte auzi bidean jarri dituzte».
Guardia Zibilaren jokaera ere gogor salatu dute. Euren ustez, guardia zibilek gazteen kontrako «jazarpen itsua» eraman nahi dute aurrera eta «kriminalizazio saio bat» bat dela deritzote. Kezkagarritzat jo dute Euskal Herrian itxaropenerako uneak irekitzen ari diren honetan, hiru gazte horien aurka egitea. «Euskal Herrian bake eta justizia egoera batera iristeko urrats garrantzitsuak egin diren honetan, Leitzako herritarrek kezka agertu nahi dugu Leitzako sei gazte hauen kontrako akusazioengatik, eta diligentziak bertan behera uzteko eskatzen dugu».
Hori dela-eta, gaur 20:00etan gazteei zein euren senideei elkartasuna adierazteko elkarretaratzea egingo da Leitzako plazan.
Hiru adingabe epaituko dituzte Auzitegi Nazionalean
Jone Lozanoren aldeko kartelak jartzeagatik «terrorismoari gorazarre egitea» egotzi diete
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu