Ezkontzen kopuruak behera egiten jarraitzen du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Eustatek 2011ko datuak zabaldu ditu, eta berretsi du etengabekoa dela jaitsiera. Konparaziorako: 1975ean, 17.336 ezkontza izan ziren hiru herrialdeetan; 2011n, 8081. Herrialdeka aztertuta, proportzioan ezkontza gehien Gipuzkoan egiten da; mila biztanleko, 3,9 ezkontza izan ziren herrialde horretan; Araban eta Bizkaian, 3,6.
Elizan gero eta gutxiago ezkontzen dira. Alde nabarmena izan da. 1996an hasi ziren datu horiek biltzen, eta orduan ezkontza erlijiosoak ziren nagusi: 6.705 ezkontza Elizan; 2.698 bide zibilean. Egoera hori irauli egin da, ordea, eta, gaur egun, hiru ezkontzatik bi zibilak dira. 2011n: 2.628 ziren Elizatik egindakoak; bide zibilekoak, 5.437.
Krisiak izan du eragina. Ezkondu aurretik bikoteak etxe berean bizi ote diren aztertu dute, eta ohartu dira urtez urte izaten ari zen goranzko joera geratu egin dela krisiarekin batera. 2007an, hamar bikotetik sei elkarrekin bizi ziren ezkontzerako; 2011n, hamarretik bost eskas ziren.