HEZKUNTZA

Hiru greba egun egitera deitu dute Nafarroako hezkuntzako sindikatuek

Hilaren 22rako, 29rako eta 31rako egin du deialdia sindikatuen gehiengoak. Ez dute baztertu mugagabeko greba ere egitea, Nafarroako Gobernuak neurriak atzera bota ezean. Astelehenean emango dituzte xehetasun gehiago.

Garikoitz Goikoetxea.
2012ko maiatzaren 11
16:28
Entzun

Nafarroako irakasleei grebarako deia egin diete hezkuntzan ordezkaritza duten sindikatu gehienek: hilaren 22an, 29an eta 31n egingo dute protesta. Oraindik ez dute zehaztu zein sindikatuk egin duten deia; astelehenean emango dituzte xehetasun gehiago. Nolanahi ere, oharra egin diote Nafarroako Gobernuari: murrizketetan atzera egiten ez badu, greba mugagabea egiteko prest daude sindikatuak. 

Sindikatuen arteko batasuna irudikatuko dute asteleheneko deialdiarekin (sindikatu pare batek ez dute baieztatu oraindik grebara deituko duten edo ez). Batak bestearen deialdiak onartu dituzte, bidenabar: Espainiako sindikatuek hilaren 22rako zuten greba deitua hezkuntzan, eta sindikatu abertzaleek, zeharka, bat egin dute horrekin, Nafarroan ere egun horretarako deituta lanuztera; trukean, sindikatu abertzaleek hilaren 31rako alor publiko osoan deitutako greba babestuko dute gainerako sindikatuek ere Nafarroan.

Ikusteko dago Nafarroako adostasun horrek zer-nolako eragina daukan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Hilaren 31rako dute deia egina LABek, EILASek, ELAk eta ESK-k. Momentuz, gainerako sindikatuek ez dute babestu. Hilaren 22an hezkuntzan greba egiteko deialdirik ere ez da EAEn. Sindikatu abertzaleek ez dute atxikimendurik agertu, eta, areago, Espainiako CCOO eta UGT deitzaileen artean egonagatik ere, EAEko ordezkariek ez dute greba babestu. CCOOk BERRIAri jakinarazi dio erabaki duela grebara ez deitzea, Jaurlaritza ez delakoan ari murrizketak egiten; UGTk esan du oraindik ez duela erabaki. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.