Hiru lagun hil dira Laudio, Deikaztelu eta Deierrin, auto istripuen ondorioz
Egun beltza izan zen atzo Euskal Herriko errepide sarean. Auto istripu ugari gertatu ziren, eta hildakoak izan ziren horietako hiruretan. Nafarroan izan ziren ezbehar horietako bi. 68 urteko gizonezko bat hil zen Deierrin. Nafarroako Gobernuak adierazi duenez, errepidetik atera zen gizonak gidatzen zuen ibilgailua; ondoezen bat izan zuen susmoa dute, eta pentsatzen dute hori izan zela istripuaren arrazoia, baina autopsiaren emaitzen zain daude oraindik, zer gertatu zen argitzeko. Deikaztelun, berriz, auto batek kamioi bat jo zuen, eta kolpearen ondorioz, hil egin zen autoko gidaria: Lodosako Sarasate institutuko zuzendaria. Laudion (Araba), ibilgailu batek beste bat jo zuen, eta horietako baten gidaria, 77 urteko gizon bat, hil egin zen. Beste ibilgaluaren gidaria, andre bat, zaurituta eraman behar izan zuten Galdakaoko erietxera (Bizkaia). Zaurituak izan ziren beste hainbat ezbeharretan ere. Gipuzkoan izan ziren bi istripu: Eibarren eta Zestoan. Bizkaian beste bi: Galdakaon eta Zeanurin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu