Hezkuntza Saila
Ordezkapenetarako3 milioi gutxiago
«Ona, eta egungo egoera kontuan hartuta, esango nuke oso ona». Isabel Zelaa sailburuak hala definitu zituen, atzo egindako agerraldian, datorren urterako Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren aurrekontuak. 2.645 milioi eurokoa izango da aurrekontu hori. Iazko datuekin alderatuz %0,9 jaitsi arren, Zelaak nabarmendu zuen Jaurlaritzaren aurrekontuak osotasunean hartuta hezkuntzak duen pisua %0,1 hazi dela.
«Kalitateari eustea eta hezkuntzarako eskubidea berdintasunez gauzatu ahal izatea» dira Hezkuntza Sailaren xedeak. «Hori lortzeko, ikasleak eskolaratzeko erabiltzen den diru saila %1 igo dugu». Horrekin irakasleen lantaldea «blindatu» nahi dutelaesan zuen, bai sare publikoan, baita itunpekoan ere. « Langileen lan baldintzak eta ordezkapenak berdin mantenduko dira. Ratio paregabeak ditugu, eta horri eutsiko zaio». Haatik, ordezkapenetarako langileen gastuan 3 milioi gutxiago emango dituzte: milioi bat gutxiago Lehen Hezkuntzan eta bi milioi Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan.
Eutsi egingo diote ikastetxeen eta unibertsitateen finantzaketari. «Hori lortzeko, ordea, programa batzuen garapena atzeratu beharko dugu, eta ematen genituen sari batzuk kendu. Euskadiko Ikerkuntza Saria izango da oraingoz mantenduko dugun bakarra». Bertan behera utziko dute, halaber, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako laugarren mailako ikasleentzako udako ingeles programa. Horrekin 800.000 euro aurreztea espero dute.
Inbertsioak 10 milioi euro gutxituko ditu Hezkuntza Sailak, eta udalei ematen dizkieten laguntzak 16 milioitik 10,5 milioira jaitsiko dituzte. Lanbide Heziketarako Hirugarren Planak 42 milioi euro jasoko ditu. Beketan 88,5 milioi euro gastatuko ditu Hezkuntza Sailak.
Herrizaingo Saila
Egoera politiko berrira egokitua
Iaz baino %6,7 txikiagoa izango da aurten Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailaren aurrekontua; 658,8 milioi eurokoa, zehazki. Ohiko gastua %29,5 jaitsi dute, eta diru laguntzak %13,5. Bizkartzain zerbitzurako izaten zen diru sailean izandako jaitsieragatik murriztu dituzte ohiko gastuak, batez ere,Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak azaldu zuenez. Diru sail hori 88 milioitik 36 milioira gutxitu dute. «Espero dugu, gainera, emendakinen bidez diru gehiago aurreztu ahal izatea alor horretan. Dena den, argi gera dadila gure helburua beti izango direla bakea, askatasuna eta elkarbizitza».
Eusko Jaurlaritzako biktimen arretarako bulegoak iaz baino 1.054.000 euro gutxiago jasoko ditu. «Denok dakigu zergatik den hori, eta poztu beharko genuke».
Genero indarkeriaren biktimen arretarako diru saila %4,7 murriztea pentsatzen dute, baina Aresek adierazi zuen hor hainbat aldaketa egin nahi dituztela. Hala, proposatu zuen alderdien segurtasunean erabiltzen ziren 200.000 euroak genero indarkeriaren aurkako borrokan erabiltzea. «Hala, genero indarkeriaren arretarako dirua %6 igoko litzateke». PP aurka dago.
Zirkulaziorako programak ere beherakada izan du. «Berrehun mila euro igo dugu, haatik, bigarren mailako errepideetan istripuak saihesteko ekimenetarako dirua».
Justizia Saila
Doako justizia sustatzea,helburuen artean
Poliziaren gehiegikeriak jasan dituztenen kalte ordainetarako milioi bat euro emango du Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak. Hala jaso dute departamentuaren aurrekontuan. «Datorren urtean, gainera, bi dekretu onartuko ditugu biktima horien inguruan», nabarmendu zuen Idoia Mendia Justizia eta Herri Administrazio sailburuak.Mendiaren sailak 167 milioi euroko aurrekontua izango du.
Doako justizia sustatze aldera, %12,7 igoko dute horretarako dirua. «Igo egingo dugu guardian dauden abokatuen kopurua. Batik bat genero indarkeriaren biktimentzat eta etorkin adingabeentzat indartu nahi dugu zerbitzua». Herri administrazioen digitalizazioa ere bada Mendiaren sailaren xedeetako bat. 440.000 euro izango dituzte horretarako.
Ingurumen Saila
Zerbitzuei eta programei eusteko aurrekontua
Orain arte eskaini dituen programa eta zerbitzuei eustea, eta lanpostuen sorreran laguntzea. Horiexek dira Ingurumen eta Nekazaritza Sailaren datorren urteko kontuen helburuak. Horretarako, aurten baino %10,9 diru gutxiago izango dute: 252.294 milioi euro. «Ezagutza, berrikuntza eta garapen iraunkorra dira gure lehentasuna», berretsi zuen Pilar Unzalu sailburuak. Ingurumenaren alorrean, dirua klima aldaketaren ondorioak gutxitzeko erabili nahi dute, batez ere. Naturarako eta ingurumena zaintzeko egitasmoetarako 10 milioi euro jarriko dituzte, eta airearen kalitaterako, zaborren kudeaketarako nahiz kutsatuta dauden lurrak garbitzeko 630.000 euro guztira.
Nekazaritzan eta arrantzan berrikuntza garapena sustatzeko programa da igoera izango duten apurrenetakoa. %0,3 egingo du gora.
Lehendakaritza
Igoera duen sail bakarrenetakoa
Hiru izango dira Lehendakaritzaren aurrekontuen oinarria: ohiko gastua gutxitzea, lankidetza funtsei eustea eta berrikuntza eta ikerketa sustatzea. Hala, aurrekontua iaz baino %17,9 handiagoa izango da: 145,6 milioikoa, hain zuzen. Garraio eta Etxebizitza Sailarekin batera, aurrekontua igo duen departamentu bakarra da. Igoera hori berrikuntza funtserako espero den 25 milioi euroko diru hazkundeagatik izango da. «Gainontzeko alorretan diru sailak %3,4 jaitsi dira», esan zuen Lehendakaritzako idazkari Manuel Salinerok.
Handitu egin dute, berriz, bidaia instituzionaletarako dirua: 990.000 eurotik 1.020.000ra. «Bidaia horien helburua gure enpresei laguntzea izango da». Lehendakaritzak eutsi egin dio, berriz, elkarbizitza sustatzeko eta indarkeria deslegitimatzeko EITBrekin duen akordioari. 150.000 euro emango ditu horretarako. Lankidetzarako Agentziak 50.6 milioi euroko aurrekontua izango du.
Ekonomia eta Ogasuna
Ondare nahiz Kontratazio programan, jaitsiera
Ekonomia eta Ogasun Sailaren aurrekontua 50,8 milioikoa izango da. Murrizketa nabarmenenak Ogasun Politikarako Programan (%2,3)eta Ondare nahiz Kontratazio Programan (%6,8)izango dira.