Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak emandako informazioaren arabera, sute bat piztu da goizaldean Okondoko Malkuartuko gaineko baserri batean (Araba). Jakinarazi dutenez, 04:30 aldera eman diete eraikina sutzen ari zelako abisua larrialdi zerbitzuei. Suhiltzaileak iritsi direnerako, baserria «guztiz kiskalia» zen, Alberto Amenabar Arabako Suhiltzaileen buruak Euskadi Irratia hedabideari zehaztu dionez. Jakinarazi duenez, hiru pertsona ziren eraikinaren barrenean. Anai-arrebak ziren, 80, 82 eta 85 urtekoak; bi gizonezko eta emakumezko bat. Hil egin dira hirurak.
Orain minutu batzuk erdietsi dute hiru gorpuak ateratzea. «Guztiz ikaztuak eta ezagutezin aurkitu dituzte», azaldu du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Josu Erkorekak. Halaber, sutea zerk piztu duen ez dute argitu oraindik. Ikerketa abiatu dute.