Hiru pertsona ikerketapean eta hamalau salaketa Errenterian izandako suteagatik

Ertzaintzak hiru pertsona identifikatu ditu Errenteriako etxebizitza batean Urtezahar gauean izandako suteagatik. Segurtasun sailburuak adierazi duenez, suziria barneko patioan erori, eta sugarrak «tximinia efektuaren» ondorioz zabaldu ziren.

Errenteriako eraikin bateko sutea
Errenterian piztutako sutearen ondorioak. GORKA RUBIO / FOKU
Irati Egibar Izeta
2024ko urtarrilaren 8a
16:00
Entzun

Urtezahar gauean Errenteriako (Gipuzkoa) eraikin batean suziri pirotekniko batek eragindako sutearen ikerketa zabalik dago oraindik. Hiru pertsona ikertzen ari da Ertzaintza, eta hamalau salaketa jarri dituzte suteak eragindako kalteengatik.

«Sutea barruko patio batean piztu zen, eta goiko solairua erre zen; antza, tximinia efektuaren ondorioz», Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak Euskadi Irratiko Faktoria saioan azaldu duenez. «Argi dago su artifizialek eragindako sutea izan zela. Hortik aurrera, ikerketak aurrera jarraitzen du».

Ertzaintza suhiltzaileekin batera ikertzen ari da abenduaren 31ko gauerdian gertatutakoa, baina bi ondorio aurreratu ditu: alde batetik, sugarrak eraikinaren barruko patio batean sortu zirela eta ondoren gorantz hedatu zirela tximinia efektuaren bidez; bestetik, suziri batek eragin zuela sutea.

Kalteak zehaztu gabe daude, aseguru etxeek ez baitituzte perituak bidali, eta, beraz, Erkorekak aurreratu du litekeena dela are salaketa gehiago jartzea.

Segurtasun sailburuak deitoratu du «urteroko arazoak» direla lehergailu piroteknikoen jaurtiketek eragindako suteak, eta salatu du oso zaila dela egoera konpontzeko gehiago egitea: «Jendeak batzuetan ez du betetzen legedian ezarritakoa».

Hamasei solairuko eraikin bat hustu behar izan zuten kanpaiak jo eta gutxira Errenteriako Kaputxinoak auzoan. Sua berehala zabaldu zen, eta, batez ere, arropa eskegitzeko gunearen inguruan izan zuen eraginik handiena. Garrak hamahirugarren solairuko etxebizitza bateraino iritsi ziren, eta eraikinean zeuden guztiak etxetik atera behar izan zituzten. Hala ere, bi ordu pasatuta, etxera itzuli ziren bizilagun ia gehienak. Sutean ez zen inor zauritu, baina bi pertsona artatu behar izan zituzten antsietateak jota. Etxebizitza batean izan zen kalte gehien; suteak ez zuen hondatu etxebizitzaren egitura, baina suak eta keak kalte material ugari eragin zituzten etxebizitza horretan.

Sutearen nolakoarengatik eta hamasei solairuko dorrea denez, Bidasoko, Zarauzko eta Tolosako foru parkeetako kideak bertaratu ziren, baita Donostiakoaren zenbait baliabide ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.