Hiru poliziaburu auzipetu dituzte 'Faisan auzian'

Asteartean deklaratuko dute Espainiako Poliziako zuzendari ohiak eta EAEko eta Arabako poliziaburuek

Erredakzioa
2011ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Pablo Ruzek Faisan auzian inputatutako Espainiako Poliziako hiru buruzagi auzipetu zituen atzo, tartean Victor Garcia Hidalgo, Espainiako Poliziako buru izandakoa, «erakunde terrorista laguntzea edo ezkutatzea» eta «sekretuak jakinaraztea» egotzita.

Horrela jakinarazi du, atzo argitara emandako autoan, 2006an ETAri Irungo Faisan tabernan egin behar zen polizia operazio baten berri eman izana ikertzen ari den epaileak. Garcia Hidalgorekin batera, Jose Maria Ballesteros eta Enrique Pamies poliziak ere auzipetu ditu Ruzek, hurrenez hurren Espainiako Poliziako Arabako Informazio Brigadako burua eta Espainiako Poliziako EAEko buruzagi nagusia.

Auzitegi Nazionaleko epaileak laguntza emate eta ezkutatze delituak biak aipatzen ditu, bata edo bestea izan daitekeelakoan poliziek eginikoa, baina lehenaren alde egin du.

Ruzentzat, «orain badago nahiko motibo baieztatzeko litekeena dela orain auzipetutakoek aipatutako delituak egin izana», eta ondorioztatu du litekeena dela Poliziako hiru buruzagiek ETAri filtratzea orduan egitekoa zenpolizia operazioaren berri, inor atxilotzeak eragin negatiborik izan ez zezan Espainiako Gobernuaren eta ETAren artean egiten ari ziren elkarrizketetan.

Uztailaren 19an deklarazioa hartuko die Ruz epaileak Garcia Hidalgori, Pamiesi eta Ballesterosi.

Hamabi zantzu

Autoan, Auzitegi Nazionaleko epaileak hamabi zantzu aipatu ditu auzipetuen aurka; horien artean, Ballesteros bera Irungo Faisan tabernaren alboan zegoela ETAri telefonoz abisua eman ziotenean. Abisua jazo zen egunean Poliziak Faisan tabernaren inguruak grabatzeko erabilitako bideo zintan ageri diren mozketak ere zantzu gisa aipatu ditu Ruz epaileak.

2006ko ekainaren 20an, Fernando Grande-Marlaska epaileak zuzendu zuen Faisan tabernako polizia operazioa, Espainiako Gobernua ETArekin elkarrizketak egiten ari zen garaian. Operazioarekin batera iritsi zen ustezko abisuaren afera, eta ordutik Auzitegi Nazionalean hainbat ikerketa egin dira gertakari horiek argitzeko; politikan ere, PPk Jose Luis Rodriguez Zapateroren gobernuaren aurka erabili du, eta, zehazki, Alfredo Perez Rubalcaba orduko Barne ministro eta egungo PSOEko gobernuburugaiaren eta Antonio Camacho orduko Segurtasun idazkari eta Barne ministro izendatu berriaren aurka.

Atzoko auzipetzeak jakin orduko, PPk berriro ekin zion Rubalcabaren aurka, eta PPko bozeramaile Soraya Saenz de Santamariak adierazi zuen Espainiako gobernuburu izateko gaitasunik gabe uzten dutela azken berri horiek. PSOEk, berriz, berehala erantzun zien hitz horiei, Ruz epailearen autoak Rubalcaba aipatu ere ez duela egiten esanez. Eztabaida horren erdian, EAJk auzia lehenbailehen argitzeko eskatu dio Ruzi, eta auzia alderdikeriaz ez erabiltzeko PPri eta PSOEri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.