HEZKUNTZA. EUSKARA

Hiru urteko umeen %63 D ereduan ariko dira EAEn 2004-2005ean

D eredua da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan sare publikoan zein itunduan handituko den bakarra; Iztuetak neurriak iragarri ditu ikasleak 16 urterekin euskaraz «ondo» moldatzea bermatzeko

GASTEIZ
2004ko apirilaren 7a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
D eredua nagusi izango da 2004-2005eko ikasturtean ere, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako haur hezkuntzako zentro publiko zein itunduetara joango diren 3 urteko umeen artean. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburu Anjeles Iztuetak atzo emandako aurrematrikulazioaren datuen arabera, D ereduak erabateko nagusitasunari eutsiko dio sare publikoan (hamar haurretik zortzi hartuko ditu). Itundutako sarean ere hasiko da aldea markatzen B ereduarekiko (D ereduak %46,4 izango du eta Bk %43).

Datorren ikasturtean hiru urteko 18.102 haur izango dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako geletan; sareen arteko oreka erabateko da ia: publikoan ariko dira ikasleen %50,1 eta %49,9 itunduan.Herrialdez herrialde, D eredua nagusi da Gipuzkoan sare publikoan zein itunduan; Araban eta Bizkaian, berriz, eredurik aukeratuena da publikoan, baina ez itunduan, non B eredua gurasoek gehien aukeratzen dutena baita oraindik.Nolanahi ere, 2004-2005 ikasturtearen datuak indarrean dagoenarekin parekatuz gero, D eredua da kasu guztietan gora egiten duen bakarra, sare nahiz herrialde orotan.Iztuetak nabarmendu zuen B eta D ereduek hiru urteko haur guztien %93 hartuko dutela (%63,2 Dn eta %29,8 Bn). Hortik abiatuta, poza agertu zuen horrelako kopuru handia «eredu elebidunetan ikasita» irtengo delako derrigorrezko irakaskuntza alditik.Kontseilariak onartu zuen gaur egungo ereduen sistemak, legediak ebatzitakoaren aurka, ez duela bermatzen ikasleek euskara ondo jakitea 16 urte betetzean. Alabaina, Iztuetak espero du helburua lortzeko modua izatea Berrian iragan martxoan aurreratu eta maiatzean Eusko Legebiltzarreko batzordean azalduko dituen neurrien bitartez. Sailburuak AEK, EHE, LAB, IA, Sortzen Ikasbatuaz eta Euskal Herriak Bere Eskola taldeekin egin zuen bileran iragarri zituen datozen ikasturteetan ikasleen euskara maila ontzeko egiteko asmo dituen aldaketak.

Kezkarik ez oposizioaren adostasuna lortzeko aukeraz

Sailburuak berretsi zuen baztertu egin duela ereduen sistema bertan behera uztea, eta, aitzitik, A eta B «indartzeko» plangintza indarrean ezarriko duela datorren ikasturtetik aurrera, gogoeta talde batek ondorioztatu zuenari jaramonik eginez. «Ereduen sistema ez dugu aldatuko. Aldiz, indartu egingo da helburuak bete ahal izateko», erantsi zuen.

Beste alde batetik, ez zen kezkaturik agertu galdetu zitzaionean oposizioko talde politikoen adostasuna jasotzeko aukerari buruz. «Familia ia guztiek eredu elebidunak aukeratzen dituzte: %93k B eta D ereduak hautatzen dituzte, eta, neurri handi batean, gaztelania ama hizkuntza izanda», hartu zuen gogoan.

Halaber, oraindik ere euskaldundu ez diren irakasleei «irtenbideak» eskainiko zaizkiela esan zuen.

-

Neurriak





Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak lau neurri iragarri ditu datozen ikasturteetan abiarazteko, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan derrigorrezko irakaskuntza aldia bukatzen duten gaztetxoak «euskaraz ondo moldatu beharraz legeak dioena betetze aldera».

IRAKASLEAK





Eusko Jaurlaritzak prestakuntza berezia eskainiko die irakasleei, Bigarren Hizkuntz Eskakizunaren gainetik, norberak ematen duen ikasgai jakinean trebatzeko asmoz. Anjeles Iztuetaren arabera, asmoa da irakasleari euskarazko berezko prestakizuna ematea, «kontua ez baita soilik euskaraz jakitea, nork bere ikasgaia euskaraz irakasten jakitea baizik». Sailburuak onartu zuen irakasleei askotan ez ohi zaiela «laguntza handirik» eskaini, «nahiz eta irakasleriak azkenaldion euskalduntzeko izugarrizko esfortzua egin».

EREDUAK





Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailak A eta B ereduak «indartzeko» ekimena prestatu du, sistema bertan behera uzteko aukera baztertu ostean. Asmoa da A ereduko ikasleek (euskara ikasgaia zuen orain arte) beste ikasgairen bat ere euskaraz izatea. Bestalde, sailburuak hedabide honi iragan martxoan ezagutarazi zion B ereduan orain arte euskaraz irakatsitako ikasgai kopurua handitzeko asmoa ere badela, eta horri eusteko asmoa dagoela baieztatu dio sailak Berriari.

TITULAZIOAK





Eusko Jaurlaritzak bi eratako jarduerak abiaraziko ditu euskara ikasgaiaren gainean. Alde batetik, urtez urte zehaztuko du euskararen curriculuma. Bestalde, erdi mailako titulazioak sortuko ditu. Iztuetaren hitzetan, «gaur egun gazteek EGA azterketa egiten dute 18 urterekin, baina bitartean ez dago erdibideko titulaziorik». Beraz, gabezia hori konpondu nahi dute datorren ikasturtetik aurrera.

LANBIDE HEZIKETA





Eusko Jaurlaritzak Lanbide Heziketan programa eleanitza abian jarriko du, Berriak atzoko alean jakinarazi zuen bezala. Ekimena bultzatuko du euskarak ziklo horietan duen presentzia eskasak kezkaturik, eta, hala, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez emango dira eskolak. 2005-2006ko ikasturtean jarriko da abian ekimena. Gaur egun ikasleen %17,5ek baino ez dituzte eskolak euskaraz jasotzen.

-

erreakzioak





BATASUNA

«Euskaraz jakitea bermatzen ez duen A eredua baztertu behar da»





Batasunaren iritziz, «alferrekoa» da A ereduan beste ikasgai bat euskaraz eskaintzea, «neurri horrek ez baitu inolaz ere euskaraz jakitea bermatzen». Neurri hori adabaki bat baino ez dela salatu du Batasunak, eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak ez diola arazoaren erroari heltzen. «Euskaraz jakitea bermatzen ez duen A eredua baztertu egin behar da», Batasunaren esanetan. Aldiz, «gizartea eskatzen ari den bidean», euskarazko ereduetan, «eragin» egin behar dela dio.

KONTSEILUA

«Ingelesa ezin da erabili euskara garatzeko ezintasuna ezkutatzeko»





Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak uste du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren lanbide heziketari buruzko proposamenak ez duela euskarazko irakaskuntza bermatzen: «Ingelesaren eskaintza, positiboa izanik ere, ezin da erabili euskara garatzeko ezintasuna ezkutatzeko». Kontseiluak neurri ausartak eskatu ditu: «EAEko Euskararen Legea onartu zenetik 20 urte pasa ondoren, larria da irakaskuntza prozesu osoa euskaraz ez egitea. Neurri eraginkorragoak hartu behar dira».

PPÐPSE-EE

«Hizkuntz ereduen inguruko adostasuna eta A eredua suntsitu nahi ditu»





Iñaki Oiartzabal PPko legebiltzarkidearen esanetan, Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak A eredurako egin duen proposamenak «suntsitu egin nahi ditu hizkuntz ereduen inguruko adostasuna eta A eredua». «Zergatik ez du gaztelania sendotu D ereduan?», galdetu zuen Oiartzabalek. PSE-EEko legebiltzarkide Isabel Celaaren iritziz, «A eredua gutxiestea» eta B eta D ereduen estatistikak «gizentzea» du oinarri Hezkuntza Sailaren elebitasunari buruzko politikak.

LAB-IA

«Ele anitzetako ereduetan sartu aurretik, euskarazkoa ziurtatu behar da»





«Lanbide heziketako euskarazko eskaintza uste baino kezkagarriagoa da, Araban eta Bizkaian bereziki», LABen esanetan. Horregatik, sindikatuaren iritziz, «ele anitzetako ereduetan sartu aurretik euskarazko gutxienezko kalitatezko eskaintza bermatu behar da». LABek salatu egin du asmoa komunikabideen bidez ezagutzea. Ikasle Abertzaleen esanetan, eleaniztasunaren alde dauden arren, ez datoz bat proposamenarekin, «ez baitu bermatzen ikasleen euskalduntzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.