Hirugarren fasea malguagoa izango da gaurtik Nafarroan

Haur eskolek edukiera handituko ahal izango dute, eta zahar etxeetako egoiliarrek bisitari gehiago hartu ahal izango dituzte. Kafetegi, taberna, jatetxe, elkarte gastronomiko eta peñetan, barran kontsumitu ahal izango da.

Iruñeko Nabarreria kaleko ostatu ezagun bateko barra. IDOIA ZABALETA, FOKU
jon ordonez garmendia
2020ko ekainaren 14a
13:52
Entzun

Gaurtik aurrera malguagoa izango da hirugarren fasea Nafarroan. Atzo sinatu zuen foru agindua Osasun kontseilariak, eta astebetez egongo da indarrean, alarma egoera amaitu bitartean. Maria Txibitek iragarri du Nafarroako Gobernua lanean dela jada normaltasun berria arautuko duen dekretuarekin.

Gaurtik indarrean den foru aginduarekin, haur eskolek %60ra handitu ahal izango dute edukiera, ondoko ratio hauekin: hezitzaile bakoitzeko 0 eta 1 urte bitarteko bost haur, 1 eta 2 urte bitarteko zortzi, eta 2 eta 3 urte bitarteko hamar. Taldean adin tarte horietako haurrak badaude, batezbesteko batek arautuko du ratioa zein den.

Profesional bakoitzak, gainera, egunean zehar haur talde bakarrarekin lan egiten ahalegindu beharko du, eta, ahal dela, leku berean, haurren arteko harremanak eta birusa kutsatzeko arriskua ahalik eta gehien murrizteko.

Zahar etxeetan eta menpekotasunen bat duten pertsonen zentroetan, koronabirusa ez duten egoiliarrei aire zabalean paseoak emateko baimena emango diete, betiere segurtasun neurriak betez egiteko modua badago; esate baterako, segurtasun distantzia mantenduz. Gainera, positiboren bat dagoen zentroetan ere egoiliar bakoitzeko bi bisitari sartu ahal izango dira, eta errehabilitaziorako eta aisialdirako taldeko jarduerak hasiko dira berriro, Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez.

Ostalaritzari dagokionez, kafetegi, taberna, jatetxe, elkarte gastronomiko eta peñetako barretan kontsumitu ahal izango da, betiere bezeroen edo bezero taldeen artean metro eta erdiko edo bi metroko distantzia mantenduz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.