Espainiako Gobernuak ezetsi egin du Iñaki Rekarte, Kepa Pikabea eta Aitor Bores presoek hirugarren gradua ezarri eta aske geratzeko eginiko eskaera, Europa Press berri agentziak Espainiako Gobernuko iturriak aipatuta jakinarazi duenez.
'Langraizko bidea' deiturikoari heldu zioten presoak dira Rekarte, Pikabea eta Bores, EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektibotik aterata. Zaballako espetxean daude, eta espetxe horretako zuzendaritzak onartu egin zuen Pikabeari hirugarren gradua ezartzeko eskaera, iazko irailaren 13an. Beste horrenbeste egin zuen Rekarterentzat, iazko azaroaren 25ean.
Espainiako Espetxe Zuzendaritzak aztertu behar ditu hurrena eskaera horiek, eta hirurei ezezkoa eman zien urtarrilaren 13an. Erabakiaren aurka helegite bat aurkeztu dute presoen abokatuek, eta Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako epaileak hartu beharko du behin betiko erabakia.