Tiro hotsak heldu dira Euskal Herriko mendietara abuztuak 15 egitearekin batera. Debekualdi erdiko garaia atzo hasi zuten Nafarroako, Arabako eta Gipuzkoako milaka ehiztarik; Bizkaian, berriz, hilaren 28an ekingo diote. Udazkenean baino nabarmen animalia gutxiago harrapatu ahalko dituzte ehiztariek debekualdi erdian; galeperretarako asmoan joango dira gehien-gehienak. Araban, zaintzarik gabe hasi dute denboraldia hainbat barrutitan, azken bi urteetan bezala; greban daude langileak. Isilpeko ehiza ugaltzen ari dela ohartarazi dute.
Luze jotzen ari da Arabako barrutietako zaindarien eta enpresen arteko gatazka. 2007tik lan hitzarmenik gabe daude beharginak, soldata izoztuta. Hiru langiletik bi ari dira protestan, eta eragin bistakoa du horrek ehiza egunetan, zaintza gutxitu baita. 130 bat barruti daude herrialdean. Esku hartzeko eskatu dio ELAk Arabako Diputazioari. Sindikatu horren arabera, beste eginkizun batzuk dituzten langileen gain ari dira uzten zaintza, eta ugaritzen ari da legez kanpoko ehiza; berri eman du Gorbeia inguruan gauez arituak direla eskopetazaleak, eta hainbat oreina hil dituztela.
Diru arazoak dituztela diote enpresek, gutxitzen ari direla irabaziak. Datu bat jarri dute horren erakusgarri: 2009ko denboraldian, 26.000 animalia inguru eraitsi zituzten Arabako barrutietan, 2003koen erdiak. Nekazarien ohiturak aldatzeari egotzi diote hori enpresek; lehen baino lehenago biltzen dute garia, eta, horrenbestez, alde egiten dute hegaztiek.
Uztaren babesera batutakoak izaten baitira debekualdi erdian ehiza daitezkeen animalia gehienak. Itxaropentsu dira aurten ehiztariak, euriagatik geroago helduko delakoan uzta, geroago batuko dutelakoan eta, beraz, hegaztiek geroago alde egingo dutelakoan. Arabako eta Nafarroako kasua da hori. Bi herrialde horietan galeperrak dituzte ehizagai nagusi, atzo hasi eta irailaren 11ra arte. Hala ere, modua badute honako animalia hauek ere harrapatzeko: usapalak, basahateak, beleak, bele txikiak, mikak, azeriak, usoak eta tortolak.
Gipuzkoan eta Bizkaian, hain zuzen ere, tortolen itxaropenean izango dira ehiztariak. Gipuzkoan, kasurako, kostaldean prestatu dituzte tortolak ehizatzeko guneak. Galeperrak gutxiago izaten dira bi herrialde horietan, baina legeak modua ematen du horiek ere ehizatzeko, baita usoak ere. Bizkaian, gainera, mikak eta beleak ere eraitsi ahalko dituzte, betiere hilaren 28an hasita. Nafarroan eta Araban mugatu egin dituzte ehizarako egunak: ostegunetan, larunbatetan, igandeetan eta jaiegunetan soilik aritu daiteke. Bizkaian eta Gipuzkoan, egunero.
Urrira arte jarraituko du debekualdi erdiak Euskal Herrian, nahiz eta irailean beste animalia batzuen ehiza baimenduko duten —basurde ehiza, esate baterako, orduan hasiko dute, oro har—. Urteroko legez, urriaren 12a izango da mugarria, egun horretan ekingo baitiote ehiztariek ohiko denboraldiari, animalia gehien ehiza daitekeen aldiari. Usoak izango dira orduan ehizagai preziatuak, eta, geroago, oilagorrak. Luzatu egin dute hegazti migratzaile hori ehizatzeko aldia Gipuzkoan eta Bizkaian: otsailaren erdialdera arte eraitsi ahalko dute.
Zenbait animaliaren ehizak mugatuta jarraituko du. Azeriak eta untxiak harrapatzeko, adibidez, baimen bereziak beharko dituzte. Ez dira asko zabaldutako espezieak, eta kopuru gehiegizkoa dagoen inguruetan soilik emango diete baimena ehiztariei.
Lege aldaketei begira
Denboraldia atzo hasi bazen ere, urte gorabeheratsua izaten ari da ehiztarientzat. Orain arteko baldintzak zorrozteko bi lege asmo baziren mahai gainean: Ehizaren EAEko Legea eta Armen Espainiako Araua. Ehiztariak sutu zituzten bi proposamenek, eta protestak egin zituzten. Emaitza: hasieran iragarritakoa baino malguagoa onartu zuten Arabarako, Bizkairako eta Gipuzkoarako Ehizaren Legea; Armen Araua, berriz, ahaztu egin du Espainiako Gobernuak, protestak direla eta.
Iragan martxoan Eusko Legebiltzarrak onartuta, indarrean da dagoeneko Ehizaren EAEko Lege berria. Bakartutako etxeekiko eta baserriekiko ehiztariek hartu beharreko segurtasun eremuek jarri zuten hizpidea. Handitu behar zela bat zetozen ehiztariak, Eusko Jaurlaritza eta ekologistak. Zenbatean jarri hori zen kontua. 50 metro beharrean 150 izatea proposatu zuten ehiztariek, 200 Jaurlaritzak eta 300 ekologistek. Azken orduko akordio bat egin, eta ehiztarien nahiak bere egin zituzten EAJk, PSE-EEk eta PPk.
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ehiztariei ez ezik, Nafarroakoei ere eragingo zien armen arau berriak, onartu izan balute. Eskopeta erdiautomatikoak debekatzea proposatu zuen Madrilek; horiek dira Euskal Herrian gehien erabiltzen dituztenak. Asmoaren aurka altxatu ziren ehiztariak, milaka alegazio jarrita; ezerezean utzi zuten proiektua.
Kartutxoekin jarri du orain kalaka Madrilek. Libre saltzea debekatzea proposatu du. Protestak prestatzen hasi dira ehiztariak.
Hirugarren urtez, zaindariak greban direla hasi dute ehiza garaia Arabako barrutietan
Debekualdi erdiko aldia hasi dute Gipuzkoako, Nafarroako eta Arabako ehiztariek; hilaren 28an zabalduko dute Bizkaian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu