HISPANITATEAREN EGUNA. MANIFESTAZIOA INDEPENDENTZIAREN ALDE. Independentziaren alde, milaka lagun bildu dira Iruñean

Independentistak sareak deitutako martxa berdeak «independentzia inposatu gabe» erabakitzeko eskubidea aldarrikatu du

joxerra senar
Iruñea
2010eko urriaren 13a
00:00
Entzun
«Izan ala ez izan, independentzia edo asimilazioa, hor dago gakoa». Txutxi Ariznabarreta Independentistak sareko kideak, Iruñeko Baluarte jauregiko plaza jendez gainezka zuela, Euskal Herriaren independentziaren beharra aldarrikatu zuen lau haizetara. Independentistak sareak ordezkatzen duen kolore berdea soinean hartuta, berdez jantzi zuten atzo Iruñea Euskal Herriko bazter guztietatik etorritako milaka lagunek. Manifestazio amaieran irakurritako agirian, Ariznabarretak burujabetasunaren alde indarrak biltzera dei egin zituen herritarrak: «Guztion artean izugarrizko olatu berdea sor dezagun, eta zabal dezagun bazter guztietara».

Sareak antolatutako martxa berdea urriaren 12an izan da, eta ez da halabeharrez aukeratutako eguna izan. Espainian, Hispanitatearen edo Arrazaren Eguna ospatzen dute eta horren erakusle, Iruñean bertan goizean Guardia Zibilak bere urteroko desfilea egin zuen. Alabaina, urriaren 12an Ameriketako herrialde askok Espainiako inperiotik askatu zireneko eguna ospatzen dute ere bai eta, arratsaldeko martxa berdeak beste ospakizun horri etengabeko aipamenak egin zizkion: «Duela 200 urte hasitako askapen prozesu haiek ospatu nahi ditugu eurekin... eta guk independentzia nahi dugula eta luze baino lehen lortuko dugula aldarrikatu!», azaldu zuen Maite Aristegi sareko kideak.

Mezuan ez ezik, formetan ere gogoan izan zituzten Ameriketako herriak. 17:25ean abiatu zen manifestazioa, Iruñeko Golem zinema aretotik eta independentziazioten ehunka banderen artean, Mexikoko, Uruguaiko, Argentinako, Kubako eta Venezuelako banderak zeuden. Herrialde horietako hainbat ordezkarik bat egin zuten martxarekin.

Deitzaileekin batera, manifestazioan parte hartu zutenen artean zeuden Eusko Alkartasuneko idazkari nagusi Pello Urizar; Maiorga Ramirez Nafarroako koordinatzailea; Koldo Amezketa EAko presidente ohia; Maria Luisa Mangado eta Paula Kasares Nafarroa Baiko parlamentariak; Txelui Moreno, Tasio Erkizia, Fermin Etxegoien eta Xanti Quiroga ezker abertzaleko kideak; Igor Arroyo LABeko Nafarroako idazkaria eta Nestor Salaberria Sortzen Ikasbatuaz-eko Nafarroako koordinatzailea.

Jai giroan garatu zen dena eta ohiz kanpoko manifestazioa izan zela erakusten zuten hainbat ezaugarri izan zituen martxak. Bozgorailua zeraman furgoneta batek musikaz girotu zuen martxa, eta atzetik zihoazenek trikitixa doinuak entzuteko aukera ere izan zuten. Herritar ugari, berriz, sarearen deiari erantzun eta berdez jantzi ziren.

Manifestazio amaieran nahasmen apur bat sortu zen poliziekin. Armadaren etorbidea zeharkatu eta azken orduko aldaketa baten ondorioz hasierako ibilbidea moztu eta Vianako printzeko biribilgunean buelta eman zuen manifestazioak. Tentsio apur bat sortu zen parte-hartzaileen eta polizien artean, baina bestelako gertaera aipagarririk gabe, Baluarteko plaza aurrean amaitu zen manifestazioa.

Diasporaren mezua

Plaza jendez lepo zegoela, Txileko, Argentinako, Uruguaiko eta Mexikoko euskal diasporako ordezkari zenbaitek igorritako mezua irakurri zuen Maite Aristegik. Bertan, diasporako ordezkariek aldarrikatu dute Euskal Herria «denen artean» eraikitzeko beharra dagoela: «Amerikar moduan sentitzen dugu eta jabetzan gara Ameriketako herri gehienak independentziarantz zuzendu zituen autodeterminaziorako eskubide bera duela Euskal Herriak». Euren arabera, euskal nortasuna eta hari lotutako dena bermatzeko «bide zuzenena da independentzia». Hala, bide horretan lan egiteko konpromisoa berretsi dute.

Horren ostean, bost mezu «labur eta esanguratsu» zabaldu nahi izan ditu Txutxi Ariznabarretak. Batetik, txalogarritzat jo du duela 200 urte Ameriketako herriek «askatasunaren bidea hautatzea». Bigarrenik, independentziaren beharra aldarrikatu du. «Politikoki, ekonomikoki, politikoki... maila guztietan hartu ahal dugun bide onena da».

Hirugarrenik, azpimarratu du independentzia hori ez dela zerutik eroriko: «Ez da gutxi batzuen lana eta ardura. Denok hartu behar dugu euskal errepublika lortzeko erronkaren lekukoa». Laugarrenik, argi eta garbi adierazi du ez dutela ezer inposatu nahi: «Guk herriak erabakitzea nahi dugu. Nazionalismo espainiar eta frantsesak bere identitatearen inposizioz eta erabakitzeko eskubidea ukatuz irmo ixten dira. Gu, ordea, prest gaude euskal herritarren erabakia errespetatzeko». Azkenik, independentziaren inguruko eztabaida zabaltzeko beharra ikusten du. «Gaur Iruñean egin dugun bezala, berdez bete behar ditugu kaleak». Hala, independentziaren aldeko kimu berdeak zabaltzera dei egin du.

Ildo horretatik, Maite Aristegik jakinarazi du datorren azaroaren 6an konferentzia nazionala antolatuko dela eta bertan eztabaidatuko dituztela sarearen «izaera, erronka, antolaketa modua...». Horren aurretik, herrietan eta auzoetan antolatuko diren eztabaidan parte hartzera deitu dituzte herritarrak. Konferentziaren inguruko xehetasun gehiago hurrengo egunetan emateko asmoa dute.

Horrez gain, Simon Bolivarren figura ere omendu dute. Bolivarrek, 1805ean Erroman agiri batean zin egin zuen «espainiar boterearen borondatez» amerikarrak «estutzen dituzten kateak hautsi arte» bere besoek eta arimak ez zutela atsedenik hartuko. Bi mende beranduago, Independentistak sareak bere bertsioa irakurri zuen atzo Iruñean: «Aldarrikatzen dugu, gure duintasunagatik eta gure herriarengatik, ez dugula atsedenik hartuko espainiar nahiz frantsesen boterearen indarrez itotzen gaituzten kateak hautsi arte».

Urizar eta Erkiziaren mezuak

Manifestazio hasieran, Pello Urizarrek aldarrikatu zuen EAk bat egin duela martxarekin, «bere unean argi utzi zuelako, bat egingo zuela garai berri hauek bultzatuko dituen mugimendu sozial ororekin».

Ezker abertzaleko kide Tasio Erkiziaren ustez, azken boladan ekimen oso zabalak sortzen ari dira eta, bere ustez, oso garrantzitsua da horren inguruan jendea biltzea. «Gu nazio bat gara, alderdi asko dituen herri bat, baina guk ez dugu egin nahi alderdi askoren batuketa den herri bat, baizik eta herritar askoren herri bat. Herri hori anitza izatea nahi dugu, baina aldi berean bakarra».



Furgobira manifestazioan izan da sinadurak biltzen

Urriaren 1etik Nafarroa herriz herri zeharkatzen ari den Furgobira ekimena atzo manifestazioan izan zen, Nafarroako aldaketa politiko eta sozialaren aldeko sinadurak biltzen. Horrez gain, 75 urte dituen Jose Luis Elkoro libre uzteko aldarrikapena gogorarazi zuten atzo Iruñean Mugituko da plataformako kideek.





Zelaa Madrilgo desfilean izan da, Jaurlaritzaren ordezkari

Bigarren urtez segidan, Eusko Jaurlaritzak ordezkaritza bidali zuen atzo Hispanitatearen Egunez Madrilen eginiko desfile militarrera. Isabel Zelaa Hezkuntza sailburua joan zen. IAk salatu du «probokazioa» dela Zelaa joatea. Jaurlaritzak iaz bidali zuen lehen aldiz ordezkaritza; Rodolfo Ares izan zen Madrilen.





Iruñeko karriketan ere egin du desfilea Guardia Zibilak

Espainiara ez ezik, Hego Euskal Herriko kaleetara ere atera ziren atzo guardia zibilak, desfilea egitera. Iruñean egin zuten, herrialdeko agintariak ondoan zituztela. Ondoren, txapelokerra oparitu zioten Simon Santamariari, Iruñeko udaltzainen buruari, «egindako lanarengatik eskerrak emateko».





Munduko hainbat herritako dantzak Baluarten

Alde guztietatik, manifestazio koloretsua izan zen atzokoa. Protestak aurrera egiten zuen bitartean, Iruñeko Baluarten munduko hainbat herritako dantzak ikusi ahal ziren: hala nola Nigeria, Ekuador, Brasil, Txile... Manifestazio amaieran, Pazko uharteko dantzak dantzatu zituzten neskatxa gazte batzuek.





Euskal Herriak bere egutegia behar duela esan du LABek

Hispanitatearen Eguna «inposatua» dela salatu, eta Euskal Herriak bere egutegia behar duela aldarrikatu du LABek. Haren esanetan, nazio aldarrikapenak «deuseztea» da atzokoaren gisako egunen xedea. Hispanitatearen Egunaren aurka daudela adierazteko, egoitzak zabalik izan zituzten atzo LABek eta ELAk.





Cabiecesen iritzian, Polizia da ETA amaitzeko «motorra»

Guardia Zibilak Gasteizen duen kuartelean izan zen atzo Mikel Cabieces, Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkaria. Poliziaren lana goraipatu zuen han. Haren arabera, ETA amaitzeko «motor nagusia» da Polizia. Hala, orain arteko bidean segitzeko eskatu die poliziei, hori «oinarrizkoa» dela iritzita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.