"Historiako sarraski handienetik" 37 urtera, "sartu kalexkan daukagun guztiarekin"

jon olano
2013ko apirilaren 15a
14:04
Entzun

Iñigo Cabacas pilotadakada batez zauritu zen oldarraldian "guztiarekin" sartzeko agindu zuen ertzainburuak. Gaur Gara egunkariak argitaratu ditu ertzainburuek egun hartan izandako elkarrizketen audioak eta transkribapenak, eta bertan entzun daiteke ertzainburu baten agindua: "Aginduak errepikatuko ditut garbi geratu daitezen (...) Sartu kalexkan daukagun guztiarekin, Herrikoan sartu (...) Orduan egongo da egoera kontrolpean". Ertzainburuak "guztiarekin" sartzeko agindu zion ertzain bati, nahiz eta hark ohartarazi dagoeneko ez zela liskarrik (Audio osoa, hemen).

Poliziek beste oldarraldi batzuetan emandako aginduak ere ezagutarazi dira. 1976ko martxoaren 3an. greba eguna zela, Gasteizko Zaramaga auzoko San Frantzisko elizan sartu zen Espainiako Polizia Armatua, eta bost pertsona hil zituen tiroz. 150 inguru izan ziren zaurituak.

Egun hartan polizia buruek emandako aginduak zabaldu zituzten. Elizan sartu edo ez zalantzan zirela, sartzeko agindua eman zuen polizia buru batek: "Jendea baldin badago, eman gogor. Goazen gogor". Harago joan zen polizia burua, eta "hutsarazi beharreko guztia" hutsarazteko agindu zuen. Ondoren, elizara sartutako polizia batek esan zuen "historiako sarraski handiena" eragin zutela (Audio osoa, hemen).

"Tiro egin, indar guztiz eta ahalik eta gogorren! Ez kezkatu hil behar baduzue ere!"

1978an, berriz, Sanferminetan hil zuten German Rodriguez gaztea. Uztailaren 8an, zezen plazan sortu ziren liskarrak. Hondarrera jaitsi ziren 50 pertsona inguru, presoak aska zitzaten eskatuz. Orduan, Polizia sartu zen plazara, eta han piztutako istiluak hirian zehar zabaldu ziren. Gomazko 5.000 pilota, 1.000 ke pote eta 150 bala erabili zituen egun horretan Poliziak.

Tiro batez hil zuten German Rodriguez, Liga Komunista Iraultzaileko kidea. Agindua eman zuen poliziak zera esan zuen: "Tiro egin, indar guztiz eta ahalik eta gogorren! Ez kezkatu hil behar baduzue ere!".

[Youtube]http://youtu.be/7257JA4H1ZE[/Youtube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.