Espainiako Gobernuak «koherentzia» itxura emanbehar izan du ETAren su-eten adierazpenaren biharamunean. Guardia Zibilaren eskutik, eta bi lagun atxilotuz egin du. Zapatero gobernuburuak bezperan esandakoa —«ez dugu guardia jaitsi»—benetakoa dela adierazteko. Irmotasun mezu gisa aurkeztu nahi izan du Barne Ministerioak, azkenaldian maiz egin duen antzera. Dirudienaz gain, Espainiako Gobernuaren sinesgarritasun arazoak estali beharra eta bestelako azpiko mugimendu batzuk ezkutatu nahia ere kontuan hartu beharko litzateke.
Zapatero eta Rubalcabaren lehen balorazioen literaltasunari kasu eginez gero, ondorio ezkorrak atera daitezke prozesuaren bilakaerari begira. Baina ulertu behar da biak nahiko behartuta daudela balorazio ezkorra egitera, batez ere, aurreko prozesuan izan zuten hutsegitearen gatibu direlako. Balorazio okerra egin zuten 2006an prozesuaren inguruan, eta agerian gelditu ziren, sinesgarritasuna auzitan. Orain behartuta daude nahikoa ez delako diskurtsoari lotzera, ezkutu gisa. Azpitik, urrats positiboak egiteko prest egongo balira ere.
Defentsiboa da Espainiako Gobernuaren diskurtsoa, baita nazioarteko komunitatearen esku-hartzea aipatzen duenean ere. Kanpoko egiaztatzerik ez dela behar dio Rubalcaba ministroak, eta argudiatzen du horretarako nahikoa direla estatuko segurtasun indarrak. Baina badirudi ahazten duela haiek eman zutela «egiaztatutzat»2006ko su-etena. Ezezkoaren arrazoia bestelakoa da. Nazioarteko esku-hartzeari eragozpena jartzen badio, haren presioa gainera etorriko zaiola susmatzen duelako da. Ezker abertzalea legeztatzeko presioa, alderdien arteko elkarrizketa bultatzeko presioa, presoen egoera arintzeko presioa. Orain eroso dago Espainiako Gobernua nahikoa ez delako diskurtsoan, besteak beste, EAJren laguntza duelako. Rubalcaba eta Urkullu, adibidez, bat etorri ziren atzo Batasunari ETArekin hausteko eskatzean. Eta, aldi berean, Jesus Egiguren esanez egoera bide onetik eramateko ongi etorriko litzatekeela ezker abertzalea legeztatzea. Oraingo hitz, ekintza eta itxuretatik haratago begiratu beharra dago, besteak beste, nazioarteko faktorearen ahalmena aintzat hartuta.
Analisia
Hitzak, ekintzak eta itxurak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu