Euskal Elkargoaren urteurrena. Arloz arlo

Hizkuntza. Borondatearen isla

Apirilean bozkatuko dituzte hizkuntza politikaren proiektua eta dagokion aurrekontua, eta euskarari eta gaskoierari ezagupena emateko adierazpen bat onartuko dute.

Soule eta Arrabit EEPko zuzendaria eta presidentea, eta Dobaran Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea. I. M.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2018ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Iazko otsailaren 4an hartu zuen hizkuntza politikaren eskumena Euskal Elkargoak, eta 15ean izendatu zuten Beñat Arrabit hizkuntza politikako lehendakariorde. Joan den uztailetik, EEP Euskararen Erakunde Publikoko presidente ere bada. Bera da, engoitik, Ipar Euskal Herrirako hizkuntza-politika proiektua garatzearen arduradun nagusietako bat. Euskaraz gain, gaskoiera bultzatzeko ardura ere badu.

Saila antolatzen aritu dira lehen urtean. Hamar herri elkargoetako euskara teknikariak elkartu dituzte —Bidaxunekoan eta Euskal Kosta Aturri Hirigune Elkargoan ez zegoen—, eta horri zerbitzuaren arduraduna gehitu zaie. Orotara 11 pertsona, 9,5 lanpostu; gehiago ere izanen dira —gaskoieraren ardura izanen duen teknikari bat iragarria dute jadaneko—.

Euskara zerbitzukoen artean banatuko dituzte Euskal Elkargoko eskumenen araberako sailak, horietan eragin dezaten, baina batzuek teknikari propioak ere izanen dituzte. Komunikazio sailean, adibidez, euskaldun bat hartu dute lantaldean, euskarazko komunikazioa garatzeko. «Egin behar dugun lehen lana da jakitea zenbat euskaldun den elkargoko teknikarien artean, uste baino gehiago baitira. Eta baita gaskoiak ere», zehaztu du Arrabitek. Gainerakoei formakuntza proposatuko diete, betiere «boluntario» badira. Ez dute helburu kuantitatiborik finkatu.

Euskal Elkargoko euskara zerbitzuak EEPrekin izan beharreko harremana ere lantzen ari dira bi egituretako teknikariak, bakoitzak izanen duen funtzioa definitzeko. «Helburua da bi egiturak ez aritzea gauza bera egiten», azaldu du Arrabitek. Elkargoko teknikariak beren eskumenetara mugatuko dira, eta horrek EEPk gaur egun jorratzen ez dituen arlo berri batzuk jorratzea ahalbidetuko du, Arrabiten hitzetan. «Hezkunde nazionalarekiko harremana EEPk eramanen du, adibidez».

Lau buruko gogoeta abiatu dute hizkuntza-politika proiektua garatzeko. Euskal Elkargoak dituen eskumenen araberako 20 fitxa tematiko osatu dituzte teknikariek, sail bakoitzaren egoera azterturik, egin beharrekoaz orientabideak emateko. Hori izanen da aurkeztuko duten proiektuaren ardatza. Hizkuntza eta kultura politikak aztertzeko osatu den batzorde tematikoan eta Euskal Elkargoko Batzorde Exekutiboan landuko dituzte proposamenak. «Elkargoko sail bakoitzeko arduradunarekin ikusiko dugu gure proposamenak egingarriak diren ala ez». Helburuen aldetik, EEPren ildo beretik jo dute: «hiztun osoak» lortzea eta euskara arlo guzietan integratzea, paisaia osoan. «Hori ez da egun batetik bestera egiten den lan bat; epe luzerakoa da».

Laugarren burua elkarteena izanen da. Arrabit izendatu eta berehala, bilkura egin zuen Euskal Konfederazioarekin. «Hizkuntza Politika berriaren erronkak gure ustez zein diren oroitarazi genion. Eta eskatu genion Euskal Elkargoak motor lana egitea EEPn, erakunde publikoko beste kideak ere bultzatzeko beren egituretan hizkuntza politika ausartak jartzera», argitu du Sebastien Castet Konfederazioko kideak. 2013an eratu zuten txostenean finkatu zituzten Ipar Euskal Herrian arloz arlo diren erronkak, 2050erako biztanleriaren %35 euskalduntzeko helburuarekin. «Gaur egungo euskalduntze erritmoa atxikiz, 2050ean biztanleriaren %21 izanen da elebiduna; Unescoren arabera, hizkuntza bat bizirik atxiki ahal izateko, lurraldeko biztanleen %30ek bederen gai izan behar dute mintzatzeko», zioten txostenean. Aste honetan elkartu dira berriz Konfederazioa eta Arrabit, Euskal Elkargoak dituen asmoen berri jakiteko, eta otsail bukaerarako berriz biltzea aurreikusi dute; martxo hasierarako egin beharko dituzte ekarpenak.

Euskarari ezagupena

Apirilaren 14an batzarra egitekoa du Euskal Elkargoak, eta egun horretan bozkatu behar lituzkete hizkuntza politikako proiektua eta dagokion aurrekontua. Euskarari ezagupen bat emateko adierazpen bat ere onartu beharra dute, egun horretan.

2016ko azaroan Baionan antolatu zituzten Jagon jardunaldietan, Euskaltzaindiak eta Euskal Konfederazioak adierazpen bat irakurri zuten; besteak beste, euskarari lurralde estatus bat emateko eskatu zioten Euskal Elkargoari. Instituzio berriak azterketa juridiko bat eskatu du adierazpen hori nola egin jakiteko. Helburua da, izaera ofizialik onartu gabe, ezagupen ofizial bat ematea; juridikoki ez luke eraginik, baina babes politiko bat emango lioke Euskal Elkargoak hizkuntza arloan eraman beharreko lanari.

Lau eredu daude gaur egun. 2004ko abenduan Bretainiako eskualdeko kontseiluak onartu,a lehenik: frantsesaren ondoan, «bretoieraren eta galieraren existentzia» ofizialki ezagutu zuen. 2007ko abenduan, Ekialdeko Pirinioetako departamenduak katalanaren aldeko gutuna onartu zuen, frantsesaren ondoan, eta katalana «departamenduko hizkuntza gisa» ezagutu zuen, «ofizialki». Korsikako Asanblearena da hirugarren eredua. 2013ko apirilean proposamen bat bozkatu zuten korsikera ofiziala izateko. Bertan, Frantziako Gobernuari legea aldatzeko eskatzen zioten, delibero hori indarrean eman ahal izateko. Azkena, Uztaritzeko Herriko Etxearena da: 2014ko ekainean, Uztaritzeko hizkuntza ofizial izendatu zuen herriko etxeak euskara, frantsesarekin batera. Prefetak helegitea ezarri zion erabaki horri. Hori da, hain zuzen, Euskal Elkargoak saihestu nahiko lukeena. Horregatik, Uztaritzeko eredua baztertua dute jadaneko. Galdera da ezagupena ematera mugatuko diren ala, Korsikan bezala, euskarari izaera ofiziala emateko lege aldaketa bat eskatzeraino joanen diren. BERRIAren informazioen arabera, Bretainiako eta Kataluniako eredua hobetsiko lituzkete, gaur-gaurkoz. «Hobe dugu zerbait proposatzea denek onar dezaketena», ebatzi du Arrabitek. Adierazpen hori izanen da, hein handi batean, Euskal Elkargoaren borondatearen isla.

Frantziako legediak esperimentazioak egiteko aukera ematen du. Ipar Euskal Herria esperimentazio lurralde izendatzea nahiko lukete, hortaz. Ikerketa bat eskatuko dute jakiteko Frantzian zer esperimentazio egiten diren gaur egun, horren araberan Elkargoan egin litzaketenak erabakitzeko. Apiriletik aitzina landuko duten bidea izanen da.

Hortik aitzina, ikusteko dago funtzionamendu orokorrean zer leku hartuko duen euskarak. Aktak euskaraz publikatzea eta hautetsiek euskara erabili ahal izatea da erronketako bat. «Eginahala eginen dugu, horretarako baikara hor», erran du Arrabitek.

Gaskoiera

Gaskoiera bultzatzeko ardura izanen duen teknikari bat hartuko dute aurki hizkuntza politikako sailean. Haren lehen lana diagnostiko bat egitea izanen da, gaskoiera non baliatzen den iker dezan. «Ez gara hein berean, gaskoiarentzat maluruski, baina biak aitzinaraziko ditugu», berretsi du Arrabitek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.