«Hizkuntza exodoari» aurre egingo diote Larragan

Euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatuko dute Nafarroako herri horretan, apirilaren 22an, eta Gasteizen, 21ean

Gasteizko euskalgintzako eragileak, atzoko aurkezpenean. IDOIA ZABALETA / ARP.
Jon Rejado.
Gasteiz
2012ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Euskaraz bizitzeko eta ikasteko herria utzi behar izatea salatuko du Sortzen Ikasbatuaz-ek Larragan (Nafarroa), apirilaren 22an. Egunero, milaka ikaslek herria utzi eta errepidera atera behar dute euskaraz ikasi ahal izateko, Larragakoek adibidez; herri hori Nafarroako Gobernuak zehaztutako eremu ez-euskaldunean dago. «Hizkuntza exodotzat» jo du Sortzen Ikasbatuaz-ek gertaera hori, eta Nafarroako «zonifikazioaren» aurka eta euskararen ofizialtasunaren alde jai bat ospatuko du hiru asteburu barru.

Sortzen Ikasbatuaz-ek jakinarazi berri du derrigorrezko eskolatze garaian dauden 1.400 umek baino gehiagok herria utzi behar dutela euskaraz ikasteko. Batez beste, egunero hogei kilometro egin behar dituzte ume horiek; guztien artean, bost milioi kilometro baino gehiago ikasturtero. Egoera horrek ezbeharrak eragin dituela gogorarazi dute. Larragako familia batek semea galdu zuen auto istripuz, eskolara zihoala. Haurraren gurasoak zein herri horretako biztanleak omenduko dituzte hilaren 22ko jaian.

Goizeko hamarretan hasiko da «hizkuntza exodoaren» bukaera eskatzeko jaia. Janaria eta edaria ez dira faltako egun osoan, baina umeentzako ekitaldiek izango dute garrantzi handien. Puzgarriek, tailerrek, erraldoiek, pailazoek eta zirkuak beteko dute egun batez Larraga.

«Politika eraginkorrak»

Euskaraz bizitzera goaz! lelopean, euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatuko dute Gasteizko euskalgintzako eragileek apirilaren 21ean, beste hainbat gizarte eragileren babesarekin. Euskarak politika «egoki eta eraginkorrak» behar dituela nabarmendu du Azaitz Gartzia Euskal Herrian Euskaraz-eko kideak. Nabarmendu du hizkuntza politikek «urte gehiegitan» eragotzi dutela euskaraz bizitzeko aukera, eta, horren aurrean, «ausardiaz» jokatu behar dela gaineratu du.

Javier Maroto Gasteizko alkateak euskara ez zutela «ukituko» azaldu arren, azken hilabeteetan zenbait elkarteren diru laguntzak murriztu dituztela gogorarazi du Gartziak. «Euskarak zerbait behar badu, inbertsioak behar ditu, eta euskara lehenetsi eta orain arteko egoera iraultzea ekarriko duten politikak». Eguneko ekitaldi nagusia manifestazioa izango da. Andre Mari Zuriaren plazatik aterako da, 19:00etan, Euskaraz bizitzera goaz! leloarekin. Ordea, jaia 11:00etan hasiko da, Gasteizko hirigunean, eta, bereziki, Foru plazan. Bertsoak, eragileen txokoak, mintzodromoa eta beste hainbat gauza izango dira.

Salbuesteko dekretua, prest

Apirilaren 17an indarrean sartuko da euskaraz ikasi dutenei euskara gaitasunari buruzko titulua erakutsi behar ez izateko aukera emango dien dekretua. Atzo onartu zuen Gobernu Kontseiluak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.