Hizkuntza gutxituen geroa, Interneten

Sarean eta teknologia berrietan hizkuntza gutxituek lekua izateko herri ekimenak izan duen garrantzia azaldu dute Euskarabildua topaketetan.

Davyth Hicks, atzo, hitzaldia ematen. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
ainara arratibel gascon
Donostia
2012ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Hizkuntza gutxituen etorkizuna Interneten eta teknologia berrietan ikusten du Davyth Hicksek, Eurolangeko zuzendariak. Hori kontuan hartuta, hizkuntza politikek bide horretatik joan behar dutela nabarmendu du, Euskarabildua jardunaldietan. Atzo egin ziren topaketok, Donostian. «Ezin dugu utzi Google moduko enpresen esku gure hizkuntzen geroa», nabarmendu zuen. Bide horretan ezinbestekoa ikusten du administrazioen inplikazioa, eta hizkuntza gutxituen komunikateek esperientziak partekatzea.

Guztira, 55 milioi pertsonak hitz egiten dute hizkuntza gutxituren bat Europan: biztanleen %10ek. «Baina hizkuntzetarako diruaren %5 bideratzen da soilik gutxituetara», azaldu du Hicksek. Gainera, nabarmendu du hizkuntza gutxituekiko eta hegemonikoekiko tratua ez dela bera.

Hizkuntza gutxitu batzuen egoera «kritikoa» dela iritzi dio. «Hizkuntza gutxituen erabileraren hazkundea teknologia berriei lotuta dago». Errealitate horretan ondo kokatuta egotea «funtsezkoa» iruditzen zaio. «Hizkuntza gehienek ez dute aro digitala gaindituko. Etorkizuneko erronkei aurre egiteko prest egon behar dute».

Lehen urratsa sarean eta teknologia berrietan egotea izan behar duela nabarmendu du. «Euskarak egon egin behar du sakelakoetan, adibidez». Izan ere, gogorarazi du gaur egungo gero eta gazte gehiago bizi daitezkeela telebistarik gabe; ez, ordea, Internetik edo sakelako telefonorik gabe. «Azken batean, horiek dira etorkizuneko hiztunak». Galesen, adibidez, 15 eta 25 urte arteko gazteen %40k hitz egiten dute galesez, eta erabilera gora doa, teknologia berriei esker. «Ziber aberri moduko bat dute».

Sarean hizkuntza gutxituen erabilera handitzen bada, ez da enpresen eta administrazioen ahaleginagatik, haren ustez. «Behetik gora egin da lana. Hau da, herritarrek izan dute ekimena». Beraz, etorkizunari begira edukiak sortzea jarri du lehentasunen artean.

Twitter katalanez

Atzoko jardunaldietan hitz egin zuen, era berean, Albert Cuesta kazetari eta itzultzaileak. Twitter sare soziala katalanez egotea bultzatu zutenetako bat izan zen. Egun 60.434 erabiltzailek dute Twitter katalanez konfiguratuta. Cuesta ez da konformatzen diren horietakoa: «Gehiago izan beharko genuke». Kasu honetan ere, herri ekimenak izan zuen garrantzia gogorarazi du: «Baina baita Bartzelona futbol taldeak egin zuen presioak ere». Sakelako telefonoetan katalanak duen lekua hobetzea da, haren ustez, etorkizunari begira duten erronka.

Bestalde, Interneten ondo kokatua egotearen garrantzia azaldu zuen Egoitz Goikoetxeak,El Correo egunkariko adituak. «Albisteen kasuan, ezinbestekoa da edukiak [titulua eta helbidea], ondo lantzea, gero Googlen ondo kokatuta egoteko».

Argia aldizkariko Lander Arbelaitzek, berriz, adierazi zuen euskara leku onean dagoela Interneten. «Dena den, ezin dugu lo hartu. Interesgarria den orotan saiatu behar dugu. Gainera, jendeak jakin behar du zertan ari garen». Argia-k abendutik aurrera izango duen webgune berria ere aurkeztu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.