Gobernuei dagokie hizkuntza politikak kudeatzea eta herritarren hizkuntza eskubideak bermatzen direla ziurtatzea. Politika eta berme horiek are garrantzitsuagoak dira hizkuntza gutxituentzat. Espainiako Gobernuaren eta administrazio publikoen jardunean itxaropen txikia du Xabier Arzozek, Espainiako Auzitegi Konstituzionaleko letraduak. «[Espainiako] Estatuko botereek ez dute sinesten hizkuntza aniztasunean». Europako Batasunari ere oso jarrera «kontserbadorea» ikusten dio. «Herrialde bakoitzaren autonomiaren arabera uzten ditu erabakiak». Urratsak egiteko helduleku eta berme bakarrenetakoa Europako Hizkuntza Gutxituen Karta da, Arzozek azaldu duenez.
EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Zuzenbideko irakaslea ere bada Arzoz, eta, hain zuzen, EHUk hizkuntza gutxituen eta hizkuntza eskubideen inguruan antolatutako jardunaldi batzuetan parte hartu zuen atzo, Donostian. Gogorarazi zuen hizkuntza eskubideak hizkuntzen erabileraren inguruan administrazio publikoek hartzen dituzten neurrietan eta arauetan islatzen direla. «Baina hizkuntza eskubide guztiak ez dira oinarrizko edo giza eskubide gisa hartzen. Adibidez, bermatuta dago herritarrak ez direla baztertuak izango erabiltzen duten hizkuntzagatik, edo ez zaiela behartuko hizkuntza bat ikastera. Besteak beste, adierazpen askatasunak bermatzen du hori. Ez da hala gertatzen, ordea, heziketa edo administrazioekiko hartu-emanak nahi den hizkuntzan izateko eskubideekin. Kasu horretan, nazioarteko zuzenbidea mugatua da, oso gutxi eskaintzen du. Beraz, bermea txikiagoa da».
Gogorarazi du giza eskubideak herritar guztiei aitortzen zaizkiela, baldintzarik gabe. «Baina gutxiengoen eskubideez hitz egitean, nazioarteko agirietan beti jartzen dira baldintzak: benetako behar bat egotea, arrazoizkoa izatea... Horrek erakusten du zer gertatzen den gutxiengoen hizkuntza eskubideen aitortzarekin».
Europako Batasunaren kasuan, hizkuntza eskubideekiko duen jarrera nahikoa aldakorra dela nabarmendu du. «Koofiziala den hizkuntza bat babestea bidezkoa eta zilegi dela dio batetik; baina, bestetik, produktuak etiketatzerakoan, adibidez, adierazten du nahikoa dela herrialde horretako herritar gehienek ulertzen duten hizkuntzan egitea. Beraz, gehienetan hizkuntza hegemonikoa gailentzen da». Baina, oro har, hizkuntza eskubideen alorrean Europako Batasunak herrialdeen autonomia errespetatzen duela azaldu du. «Esaten duen bakarra da gutxiengoen hizkuntza, kultura eta erlijio aniztasuna errespetatzen dituela. Oso jarrera kontserbadorea du. Ez dio gaiari benetan heltzen».
Beste ikuspegi bat du Europako Kontseiluaren jardunaz eta, batez ere, 1992an erakunde horrek onartutako Hizkuntza Gutxituen Kartaren inguruan «Hizkuntz gutxituen babeserako dagoen tresna aurrerakoiena da karta hori».
Hiru urtetik behin argitaratzen da karta sinatu duten herrialde bakoitzak hizkuntza eskubideen alorrean egindakoari buruzko txosten bat. Balorazio bat egiteaz gain, gomendioak ere egiten zaizkie etorkizuneko jardunaz. Espainiako Gobernuaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren jokabideekin nahikoa kritiko izan dira Europako Kontseiluaren txostenak. «Espainiako Gobernuak orain arte ez zion aparteko garrantzirik ematen txostenari. Baina orain, behintzat, zertxobait egiten du. Edo, behintzat, hala egiten duela azaltzen du». Arzozek gogorarazi du kartak eskaintzen duen babes neurri handienaren alde egin zuela Espainiako Gobernuak. «Etorkizunean ezinbestean bete beharko ditu kartaren printzipioak». Alor batzuetan neurriak hartzea funtsezkoa iruditzen zaio. Justizia jarri du horren adibide. «Lehenago edo geroago neurriak hartu beharko dira epaituen hizkuntza eskubideak errespetatzeko. Akusatuak epaiketa justu bat izateko duen eskubidea dago jokoan».
Gipuzkoako neurriak
Azken asteetan hizpide izan dira Gipuzkoako Foru Aldundiak euskara lehenesteko hartutako neurriak. Espainiako Gobernuaren erantzuna berehalakoa izan da. Alberto Ruiz Gallardon Justizia ministroak ikerketa abiatzeko eskatu dio Espainiako Estatuaren abokatuari, hartutako neurrietan delitu zantzuak egon daitezkeen ikusteko.
Arzozek ez ditu ezagutzen zeintzuk diren Gallardonen argudioak hori erabakitzeko, baina «gogorra eta harrigarria» egiten zaio delitu hitza entzutea. «Proportzionaltasuna bermatzen den neurrian, ez dago arazorik hizkuntza baten erabilera sustatzeko. Epaileak horri begiratu dio. Aukera hori inteligentziaz eta modu proportzionalean erabili behar dute erakundeek».
Hizkuntza Gutxituen Karta akuilu bakarra
Hizkuntza eskubide guztiak oinarrizko eskubide ez direla gogorarazi du Xabier Arzoz letraduak, eta hori dela-eta berme gutxiago dutela. Europako Batasunaren jarrera «kontserbadoreaz» ere ohartarazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu