Bederatzigarren aldia izango du aurten Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) euskara maratoiak. Olinpiar Jokoak egiten diren urtean egiten dute. Aurten, baina, beste pauso bat emango dute: 40 ordukoa izan ohi da maratoia, eta, aurten, 40 eguneko esperientzia egingo dute, Irten armairutik lelopean.
Aspaldi hasiak dira egitasmoa prestatzen, eta gaur egin dute aurkezpen ofiziala, Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera. Izan ere, egitasmoa ikerketarako erabiliko du diputazioak. “Ikerketa makroa” egiteko bidea emango baitu 40 eguneko jardunak, Mikel Irizar Hizkuntza Berdintasuneko zuzendariaren arabera. Hizkuntza ohiturak nola aldatzen diren, hori aztertuko dute.
Nolakoa izango da egitasmoa? Parte hartzeko bi eredu daude. Batetik, belarriprest direlakoak: nahiz eta euskaraz ez hitz egin, ulertzeko gai direnak, eta euskaraz egin nahi duenari eragozpenik jarriko ez diotenak. Bestetik, ahobizi direlakoak: euskaraz badakitenak, eta ulertzen duten guztiekin euskaraz egingo dutenak. Erabilera handitzea da helburua, beraz.
Ia mila lagunek izena eman dute orain arte: 600 belarriprest dituzte, eta 370 ahobizi.