Hizkuntza politikan aro berri bat abiatu behar dela erran du Euskal Konfederazioak

Lehentasunezko bi xede nabarmendu ditu ofizialtasunaren bidean: lurralde elkargoa sortzea eta eurokarta berrestea

Aitor Renteria.
Baiona
2012ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Hizkuntza politikaren bigarren aroa (Hizkuntza Politika 2.0) abian ezarri behar dela erran du Euskal Konfederazioak, euskararen geroa bermatzeko. Nabarmendu du aro berri horrek eskatzen dituen egiturak eskumenez eta beharrezko baliabidez hornitu beharko direla. Ildo horretatik,Euskal Konfederazioak galdegin du Ipar Euskal Herriak esperimentaziorako eskumena ukan dezan. Euskalgintzako herri mugimenduek aitzineko astean egin zuten biltzar nagusia, joan den urteko jarduna onartzeko eta datorren urteko erronka nagusiak finkatzeko.

Martxoko Deiadarraren ondotik, urte askotako borrokaren ondorioz, gizarte zibilak eta politikoak, osotasunean, euskararen ofizialtasunaren aldarria bere egin dutela adierazi du Euskal Konfederazioak. «Euskalgintzako eragileei dagokigu orain aro berri horren urratsak beteko direla hurbiletik zaintzea».

Euskal Konfederazioak lehentasunezko bi elementu nabarmendu ditu ofizialtasunaren bidean: batetik, Ipar Euskal Herriko lurralde elkargoaren sorrera, eta, bestetik, François Hollande Frantziako presidenteak hauteskunde kanpainan agindu zuen bezala, Europako hizkuntza gutxituen ituna berrestea. Konfedearzioak zehaztu du hautetsi eta ordezkari guziek bat egin dutela lurralde elkargoak hartu beharreko lehen eskumena hizkuntzarena dela. Beraz, noiz gauzatuko den zain egon gabe, hizkuntza politikaren aro berria abian ezartzeko eskatu du.

Europako hizkuntza gutxituen ituna berresteari dagokionez, Frantziak hautatu 39 artikuluen berrespena baino urrunago joan behar dela erran du. «Eurokarta berresteko konstituzio aldaketa eginen denez, une hori baliatu behar dugu 39 artikulutik haratagoko bidea egin dadin, neurri eraginkorrak har daitezen». Gisa berean, azken urteetan aurkeztu diren lege proposamenak osatu eta senatuan eta legebiltzarrean bozkatzeko tenorea dela uste du Euskal Konfederazioak.

Frantziak ez ditu berehala onartuko ildo horiek. Horregatik, euskararen normalizaziorako bidean, gizarte zibilean eta politikoan hizkuntzari buruz egin dituzten lanek logika aldaketa dakartela ziurtatu du konfederazioak. Norabide horretan, hizkuntza politikak urrats ausarta egin behar duela aldarrikatu du, gaur egun borondatean oinarritzen den eskaeraren politikatik eskaintza zabalerako urratsa eginez. Alegia, euskararen eta euskarazko irakaskuntza orokortzeko bidean, botere publikoek izan behar dute eskualde eta herri guztietan eskaintza bermatu behar dutenak, eskaria sustatzeko. Euskararen aldeko hizkuntza politika «transbertsalak» plantan ezartzeko eskatu die botere publikoei, hizkuntzaren beharrak kontuan hartuz, tokian tokiko eskaerei aitzina hartuz eta presiopean ihardetsi beharra ekidinez.

Itoaldirako baliabideak

Hizkuntza politika gauzatzeko eragile nagusiak herri mugimenduko partaideak direla uste du Euskal Konfederazioak. Alta, euskalgintzako eragile nagusiek une ekonomiko larriak pairatzen dituzte, et ahori onartezina dela erran du. «Euskalgintza inoiz baino indartsuago ageri da, baina arnasarik gabe utzi nahi dute». Euskal Konfederazioko kideen artean inkesta bat egin dute eta, berreuskalduntzearen ardurari behar bezala erantzun ahal izateko eta lana duintasunez egin ahal izateko, gauregun botere publikoengandik jasotzen duten diru laguntza biderkatu egin beharko litzatekeela ziurtatu dute. Botere publikoek Ipar Euskal Herriko hizkuntza politika adibide gisa aipatzen dute Frantzian, baina, aldi berean, Korsikan edo Bretainian hizkuntza politikara bideratzen den dirua baino anitzez gutxiago jasotzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.