Euskararen Aholku Batzordeko Euskara21 taldeak onartu du Eta hemendik aurrera zer? dokumentua. Oinarria Eusko Jaurlaritzak aurkeztu zuen iaz, eta osatu egin dute orain, talde horretako kideen eta beste aditu batzuen ekarpenekin. Datorren astean onartuko du agiria Euskararen Aholku Batzordeko osoko bilkurak.
Euskararen etorkizunari buruzko gogoeta egin dute, eta aurrera begirako giltzarri batzuk adierazi. Besteak beste, herritarren atxikimendua nahitaezko izango dela nabarmendu dute. “Ez da hori faktore bakarra; bai, ordea, guztiaren enborra. Euskal gizartearen nahi horrek egiten duelako zilegi euskara sustatzen hizkuntza politika aurreragarriak bultzatzea”.
Horri tiraka, berdintasunarekin eta bizikidetzarekin lotutako diskurtsoa ageri du dokumentuak. Euskara eta gaztelania elkarren parean daudela ofizialki, baina, benetan, egunerokoan, gaztelania dela gailen. Hori orekatzeko, helburutzat jarri dute herritar guztiek gutxienez euskara ulertzea. “Elebakartasuna arazoa eta oztopoa da hizkuntza askatasun efektiboarentzat”. Proposamen zehatz batzuk badira han-hemen dokumentuan: ezagutzarekin lotuta, adibidez, gutxieneko euskara gaitasuna lortzeko ikastaroen doakotasuna aipatu dute. “Gutxieneko maila baterainoko ikas-prozesua aprobetxamendu akademikoaren arabera doakoa izatera iristea eragingarria izango litzateke”.
Adostasun politiko eta soziala ezinbestekotzat jo dute euskara biziberritzeko bidean pausoak emateko. “Gaur dugun baino adostasun handiagoa behar dugu”.
2036ra begira jarri da dokumentua, eta urte horretan euskara Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan zein egoeratan egongo den, proiekzio bat egin dute.
1. Ezagutza. Orain herritarren %36 dira euskaldunak, eta aurreikuspena da %49tik gora izatea 2036an. Adin taldeka: 24 urtez azpikoetan, %83k jakingo dute euskaraz; 25-49 urte artean, %60k; eta 50 urtetik gora, %29k.
2. Lehen hizkuntza. Euskara lehen hizkuntza dutenen portzentajea ere handituko da: %31rena izango da (orain %24rena da). Batez ere gazteen artean egingo da aurrera: %32tik %49ra.
3. Hizkuntza ereduak. D eredua gailendu egingo da hurrengo urteetan. 2036an ikasleen %81 eredu horretan egongo direla espero dute. B ereduak ez du aldaketa handirik izango: %17 dago orain, eta %16,5 izango da. A ereduaren gainbehera erabatekoa litzateke: %21 ditu orain, eta %2ra ez litzateke iritsiko.
4. Euskaltegiak. Urtero euskalduntzen diren herritarren kopuruan ez dute aldaketarik espero: 4.500 bat lagun urtean.