TEKNOLOGIA

Hizkuntza teknologietan oinarritutako hiru demo garatu dituzte

Elkarola partzuergoaren barruan garatu dituzte hiru aplikazioak: erantzungailuetarako demo bat, osasun arlorako bat eta telelaguntza sistema bat. Proiektuak jarraipena izango du.

Elkarolako ordezkariak eta Jaurlaritzakoak, demoen aurkezpenean. JUAN CARLOS RUIZ, ARGAZKI PRESS
Garikoitz Goikoetxea.
2017ko ekainaren 19a
08:56
Entzun

Hizkuntza teknologiak oinarri hartuta, Elkarola partzuergoa osatu dute honako eragile hauek: Elhuyar fundazioak, EHUko Ixa eta Aholab ikerketa taldeek, Vicomtech-IK4 zentroak eta Tecnalia fundazioak. 2015ean hasi zuten bidea —lehenago ere beste proiektu batzuetan aritu ziren, 2002an hasita—, eta orain arteko emaitzak aurkeztu dituzte.

Bi arlotan aritu dira. Batetik, oinarrizko ikerketari dagokionez, adibidez, 85 argitalpen zientifiko egin dituzte; bestetik, ikerketa aplikatuan ere aritu dira, eta, besteak beste, zortzi patente erregistratu dituzte. Emaitza nagusi gisa, hiru demo aurkeztu dituzte. Honatx:

1. Lurraldea. Bezeroei arreta emateko gailua da. Bezeroak hots egiten duenean —idatziz ere bai—, gailua gai da lehenbiziko galderak egiteko eta bezeroa sail jakin batera bideratzeko. “Lengoaia naturalaren prozesamenduko teknikak sailkapen-algoritmo estatistikoekin konbinatuz, erabiltzaileak deskribatutako gertakaria zein sailetara bideratu behar den asmatzea lortzen da”, azaldu dute bultzatzaileek.

2. Biozientziak eta osasuna. Demoaren funtsa da gaixotasunen eta sendagaien arteko erlazioak egitea, medikuntza testuen corpus bat oinarri duela. Gehiago garatu nahi dute aplikazioa, gaixotasunen eta sendagaien arteko loturak automatikoki egin ditzan.

3. Fabrikazio aurreratua. Telelaguntza sistema bat da. “Baina ohiko telefonozko laguntza sistema bat kasu batzuetan ez da nahikoa, errealitate areagotuko sistema batek askoz gehiago lagun dezake”, adierazi dute. Ahots ezagutzako sistemaren bidez eta irudiak baliatuz, gailuak konpontzeko laguntza eman dezake demo horrek; gainera, hizkuntzaren itzulpen automatikoa ere egiten du, langileen arteko komunikaziorako.

Eusko Jaurlaritzaren laguntza izan dute proiektuek. Aurrerantzean ere bai. Iosu Madariaga Teknologia eta Estrategia zuzendariak iragarri du aurten ere diru laguntza jasoko duela Elkarolak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.