Jon Landaburu Illarramendik jasoko du 2012ko Linguapax saria, Unescocat erakundeak urtero ematen duena. Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Eguna da gaur, eta hargatik jakinaraziko dute Landaburuk jasoko duela saria. Hizkuntz aniztasuna, hizkuntz erkidegoen biziberritzea eta eleaniztasuna indartzearen alde lan egiten duen pertsona dela iritzita erabaki dute saria berari ematea.
Landaburu irakaslea da, euskalduna; frantziar eta kolonbiar herritartasunak ditu, eta Kolonbiako hizkuntzen alorreko aditu eta jakintsu handienetakoa da. Hizkuntzalari ez ezik, irakasleen trebatzaile ere bada. Kolonbiako hizkuntzen aldeko legerik aurrerakoienen bultzatzaile, eta hizkuntz erkidego ugariren laguntzaile jo du Unescocatek.
Parisen jaio zen, 1943. urtean, eta Kolonbiako nazionalitatea adopzioz eman zioten. Filosofia ikasketak egin zituen (1966), eta Hizkuntzalaritzan doktorea da (1977) Parisko Sorbona Unibertsitatean. Kolonbiara duela 45 urte iritsi zen, Bogotan filosofia eskolak emanez zerbitzu soziala bete ahal izateko.
Landabururen grina Kolonbiako herrietako hizkuntzak izan dira. Oso gertutik ezagutzen ditu bertako herri indigenak, eta haien hizkuntzei buruzko ezagutza sakona dauka. Hizkuntza eta etnia gehienak gertutik aztertu ditu, eta herri horiek guztiak miresten eta aitortzen dute Landaburu euren gidari eta jarraitzaile dela.
Bogotan Andeetako Unibertsitatean Etnolinguistikako programa garrantzitsua zuzendu zuen (1984-1996), bertako hizkuntzalari askoren prestakuntza bideratuz, eta CCELA erakundea ere sortu eta zuzendu zuen. Lan ugari argitaratu ditu, hamabost liburu baino gehiago eta baita artikulu zientifiko ugari ere: horiek Kolonbiako hizkuntzei buruz erreferentzia izan dira mundu osoan.
2012ko Linguapax saria ondo merezitakoa duela adierazi dute antolatzaileek, euren arabera, Kolonbiako hizkuntzen alde bizitza osoa eskaini baitu Jon Landaburuk.
Soslaia. Jon Landaburu
Hizkuntzalaria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu