Zerbitzuaren kalitateri buruz zer-nolako iritzia duten jakiteko, Osakidetzak inkestak egiten dizkie gaixoei. Ospitaleko egotaldia bukatu ondoren egiten dira. Noizean behin, gainera, lehen harrera zentroetako erabiltzaileei ere egiten dizkiete galdera horiek. Tartean hizkuntzari buruzko itauna egiten da betidanik. Alegia, arreta euskaraz jaso nahi izan dutenek horretarako aukerarik izan duten eta jasotakoarekin gustura dauden. OEE Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeak salatu du Osakidetzak galdera hori kendu egin duela.
Inkesta horiekin Osakidetzak urtero kalitateari buruzko txostena osatzen du. Alegia, zer-nolako erantzunak jaso dituzten aztertu eta ondorioak ateratzen ditu. Inkestetatik galdera kentzeko erabakiaren ondorioz, bada, txosten horretatik ere desagertu egin da hizkuntzari egiten zitzaion aipamen hori. Erakundeko kide Roberto Manjonen esanetan, «euskara eta kalitatea bikotea apurtzeko beste urrats bat» egin du Osasun Sailak. Orain euskarazko zerbitzua eskaintzea ez da aintzakotzat hartzen kalitatearen berme gisa.
Horren haritik egindako aurreneko urratsa iaz ezagutu zela azaldu du Manjonek. Rafael Bengoak kargua hartu eta gutxira euskara programa kontratuetatik kentzea erabaki zuen. Osakidetzan euskararen normalizazioa lortzeko helbururekin dekretua onartu zen 2003an. Manjonen esanetan, dekretu horrek «argiro» azaltzen du euskararen erabilerak tokia izan behar duela zerbitzuen kalitatea neurtzeko aurreikusten dituen parametroetan. Alegia, Osakidetzaren barruko ospitaleak eta osasun zentroak antolatzeko erabiltzen diren eskualdeen jarduera irizpideak ezartzen dituzten kontratu horiek gutxieneko kalitatea bermatzeko zer bete behar den ere finkatzen dute, eta tartean euskararen erabilera egon behar dela zehazten du arau horrek.
Bengoa sailburuak, baina, iaz onartutako kontratu programa berrietatik kanpo utzi zuen hizkuntzaren auzia. Hala, gaur egun, kontratu horien arabera, ez da beharrezkoa euskarazko arreta ona eskaintzea kalitatezko zerbitzua eskaini dela esateko.
Komunikazioa kalitate
Manjonen esanetan, zerbitzuaren kalitatea bermatzeko komunikazioaren kalitateak garrantzia dauka, «are gehiago osasun zerbitzuetan, non herritarrak inon baino hurbiltasun handiagoa behar duen». Osakidetzak, ordea, aurkako norabidea hartu duela salatu du: «Rafael Bengoa Osasun sailburu denetik Osakidetzak ez dio utzi euskararen estatus ahulari kalte egiteari, horretarako arauak urratu behar baditu ere».
Hizkuntzari buruzko galdera kendu du Osakidetzak kalitate inkestetatik
Euskara eta kalitatea bikotea apurtu nahi dela salatu du Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu