BAKE PROZESUA

HNT alderdiekin bilduko da ETAren "desmobilizazioaz" hitz egiteko

Foro Sozialak ekitaldia egin du Aieteko Adierazpenaren urteurrenean, eta bake prozesuak dituen erronkak zehaztu ditu: "eragile guztien" iraganari buruzko irakurketa kritikoa, ETAren "desmobilizazioa", biktima guztien aitortza eta preso eta iheslarien gizarteratzea.

Gorka Berasategi Otamendi.
2017ko urriaren 17a
19:37
Entzun

Foro Sozial Iraunkorrak Donostiako Aiete jauregian egin du ekitaldia, bake prozesuaren orain arteko ibilbidea aztertu eta etorkizunera begira dituen erronka nagusiak zehazteko. Ekitaldian parte hartu dute euskal gizarteko hainbat eragilek. Bertan izan dira EAJ, EH Bildu, Ahal Dugu, Ezker Anitza, ELA, LAB eta CCOOko zenbait ordezkari. Nazioarteko Harremanetarako Taldeko (NHT) Brian Currinek ere parte hartu du.

Currinek jakitera eman du NHT alderdi politikoekin bilduko dela asteburuan, bake prozesuaren erronkei buruz hitz egiteko. Horien artean aipatu ditu ETAren "desmobilizazioa", talde armatuko kideen gizarteratzea eta presoen kaleratzea. Prozesuaren gairik "gogorrenak", haren esanetan.

Foro Sozialeko Nekane Altzelaik eta Agus Hernanek nabarmendu dute gaur egun bake prozesua "sendo errotzeko" eta berriz ez "geldiarazteko" aukera dagoela, horretarako "borondate politikoa" baldin badago. Hala, hurrengo hilabeteetan jorratuko dituzten lan ildoak azaldu ditu. Helburuetako bat izango da indarkeria adierazpen guztietako biktimen "sufrimenduaren mapa integrala" osatzea. Horrez gain, preso, iheslari eta deportatuen gizarteratzea bultzatzeko akordio politikoak sustatuko ditu foroak. Elkarteak beharrezko jo du baita ere iraganari buruzko irakurketa kritikoa egitea. Irakurketak "eraikitzailea eta konpartitua" izan behar duela nabarmendu du, eta "eragile guztiek" egin beharrekoa.

ETAren desmobilizazioa

Foro Sozialak ETAren "desmobilizazioa" espero duela adierzia du. Horretarako talde armatuaren "militante guztieen arteko eztabaida" beharrezkoa da, haren esanetan. Eztabaida horren ondorioz, ETAK bake prozesuari ekarpena egitea galdegin du foroak. "Emaitzak bake, normalizazio eta diskidetze prozesuaren indartzea ekarri beharko luke, irabazle eta galtzaileen ikuspegia alboratuz".

Desmobilizaizioak bake prozesuaren "beste korapilo batzuk" askatzeko balioko duela deritzo Foro Sozialak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.