Hogei lagun akusatu dituzte presoen irudiak eramateagatik iazko Korrikan

«Sorgin ehiza» salatu, eta gogorarazi dute akusazio bereko 38 lagunen aurkako auziak ezerezean geratu direla

joxerra senar
Iruñea
2010eko abenduaren 14a
00:00
Entzun
«Hau dena astakeria hutsa da». Irmo mintzatu zen atzo Josu Esparza, Amnistiaren Aldeko Mugimendukokidea. Iazko Korrikan presoen argazkiak eramategatik hogei lagun inputatu dituzte, «terrorismoaren gorazarre» egitea leporatuta. Horien artean dira Esparza bera, Xanti Kiroga Uharteko zinegotzia eta Marine Pueyo Iruñeko hautetsia. Beste lau inputaturen babesarekin, prentsaurrekoa eman zuten atzo Iruñean, eta gogora ekarri zuten presoen argazkiengatik Nafarroan ireki diren sumario guztiak «ezerezean» geratu direla. «Trikimailu politiko-legal bat besterik ez da, euskal preso politikoen aldeko elkartasuna kaleetatik kentzeko», ondorioztatu zuen Esparzak.

Azken urte eta erdian, Espainiako Auzitegi Nazionalak akusazio beragatik 65 lagun inputatu ditu Nafarroan, baina gaurdaino ez dago haien aurka zigor epai bakar bat ere. Izan ere, 65 inputatu horietatik 34ri jada auzia zuzenean artxibatu egin diete, eta beste lau errugabetzat jo ditu epaitegiak.

Hala ere, beste hainbat sumario irekita daude oraindik ere. Horietako bat iazko Korrikan presoen argazkiak erakustegatik 20 lagunen aurkako auzi hori da. Terrorismoari gorazarre egitea leporatzen diete, baina, Esparzaren ustez, hori «aitzakia» baino ez da. «Eskubide zibil eta politikoen urratzea hain da larria, non delitu bihurtu duten presoen eskubideak errespeta dezatela eskatzea eta elkartasuna adieraztea».

Iazko Korrikan irudiok zergatik agertu ziren galdetuta, erantzun du «sinbolikoki bada ere»presoek badutela eskubidea lasterketa horretan parte hatzeko. «Guztiok dugu gustuko hain maitatua den ekitaldi horretan parte hartzea. Eta hori da estatuaren espetxeetan preso eta sakabanatuta daudenek parte hartzeko duten modu bakarra».

Esparzak mezu bat azaldu dioEspainiako Gobernuari: «Sar dadila euren buruetan: hori ez da ezeren gorazarrea egitea, hori da elkartasuna, eta Euskal Herrian euskal preso politikoen egoera krudelaz ahantzarazi nahi izatea ergelen kontua da». Espainiako Estatuaren «sorgin ehiza» salatu du, eta ohartarazi dio ez dutela independentismoa desagertzea lortuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.