Nafarroako Parlamenturako hauteskundeetako emaitzak Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerraren arteko hitzarmen bati ireki dizkio ateak. Ikusteko dago nola josi daitekeen akordio hori, baita PSNk zer paper jokatuko duen, baina garbi dago koalizio edo akordio bat izango duela oinarrian.
1979an lehen aldiz foru gobernua demokratikoki aukeratu zenetik, lau alditan izan dira gobernu koalizioak, eta beste lau alditan gobernatu du alderdi batek bakarrik (1979tik 1984ra diputazioko ordezkariak zuzenean aukeratzen ziren zazpi merindadeetan, eta gobernu mistoak osatzen ziren). Gobernu akordio guztietan UPN izan da parte hartu duen alderdietako bat beti, batean izan ezik.
Hain zuzen, uztailean beteko dira hogei urte UPNrena izan ez zen gobernu koalizio hori, lehenengoa eta azkena, sinatu zenetik. Juan Cruz Alliren (UPN) 1991-1995 agintaldiaren ondoren iritsi zen, eta PSNk, CDNk (Allik UPNtik eragindako eszisioa) eta Eusko Alkartasunak osatu zuten.
1995eko hauteskundeak ere UPNk irabazi zituen, baina hiru alderdiek bat egin zuten eta gobernutik kendu zuten. Hiruko gobernua osatu zuten alderdiek ez zuten gehiengo osoa parlamentuan; PSNk hamaika parlamentari zituen, CDNk hamar eta EAk bi. UPNk, ordea, hamazazpi zituen, eta ez zuen beste babesik parlamentuan: beste hamar parlamentariak IU eta HBren artean erdibana zituzten.
Bozen ondotik uztailean sortu zen gobernuari Hiruko Gobernua deitu zitzaion, eta Javier Otano izan zuen presidente (sozialistek boto asko galdu zituzten boz horietan, baina bigarren indarra izaten jarraitu zuten). Gobernu horrek, ordea, ez zuen luze iraun; 1996ko ekainean ustelkeria kasu batean nahastuta Otanok dimisioa eman zuen; Allik hartu zuen presidentetza baina koalizioarenak egin zuen Otano auziak. Irailean desegin zen gobernua.
Ondoko hauek osatu zuten gobernu hura:
Presidente: Javier Otano (PSN).
Presidenteorde, eta Ekonomia eta Ogasuna: Juan Cruz Alli Aranguren (CDN).
Lehendakaritza, Barne gaiak eta Lana: Federico Tajadura Iso (PSN).
Toki Administrazioa, Lurralde Antolamendua, Ingurumena eta Etxebizitza: Javier del Castillo Bandres (CDN).
Hezkuntza eta Kultura: Pedro Burillo Lopez (PSN).
Osasuna eta Gizarte Ongizatea: Fernando Puras Gil (PSN).
Herri Lanak, Garraioa eta Komunikazioak: Florentino Lopez Isturiz (CDN) lehenik eta Luis Ibero Elia (CDN) ondoren.
Nekazaritza, Abeltzaintza eta Landa Sustapena: Jose Javier Etxarte Etxarte (CDN).
Industria, Merkataritza eta Turismoa: Iñaki Cabases Hita (EA).
Gobernu koalizioa Otanoren ustelkeria kasuak astinduta, hamalau hilabeteko esperientzia horren ostean, UPNk hartu zuen gobernua berriro eta Miguel Sanz izendatu zuen presidente, irailean bertan. Bere alderdiko hamazazpi parlamentariren babesa nahikoa izan zuen, hauteskundeak errepikatu behar ez izateko oposizio guztiak ez zuelako bozkatu bere kontra.
1996tik UPN beti izan da gobernuan, eta Hiruko Gobernuaren urte horrengatik ez balitz, aurten 24 urte beteko zituen UPNk gobernuan, zehazki, maiatzaren 26an. 2003-2009 urteak bitartean, ordea, CDNrekin gobernu koalizioa eginda eutsi zion gobernuari, eta pasa den agintaldiko lehen bi urteetan, PSNrekin, Yolanda Barcinak Roberto Jimenez eta PSNko beste bi kontseilariak bota zituen arte.