Nafarroako Probintzia Auzitegiak Giraldo auziko epaia ezagutzera eman du. Bost auzipetuei espetxe zigorra ezarri die, Yamiled Giraldoren hilketaren egileak direla ebatzita. 106 urte bete beharko dituzte bosten artean, nahiz eta Fiskaltzak 140 urteko espetxe zigorra eskatu zuen.
Jose Lareori 19 urteko espetxe zigorra ezarri diote, Giraldoren hilketaren eragile nagusia izatea egotzita. Beste hiru urteko zigorra ere bete beharko du, justiziari trabak jartzeagatik. Horrez gain, 800.000 euroko kalte-ordaina ordaindu beharko dio Giraldoren familiari.
Giraldok Lareoren aurkako salaketa jarri zuen Kolonbiatik ekarri, bere lokalean prostituzioan aritzera behartu eta bortxatu egin zuela leporatuta. Delitu horiengatik Nafarroako Auzitegi Nagusiak espetxe zigorra ezarri zion. Atzo ezagutzera emandako epaiaren arabera, auzi hartan salatzaile eta lekuko izan zelako erabaki zuen Lareok 2009an Giraldo hiltzea, «mendekua hartzeko asmoz».
Epaiak dioenez, Lareori espetxe zigorra betetzen ari zela bururatu zitzaion hilketa, eta harekin preso zegoen Andres Garciari kontatu zion bere asmoen berri. Garcia Karlos Igarirekin jarri zen harremanetan, azken horrek hilketa egingo zuten boluntarioak aurki zitzan. Garciari eta Igariri «hilketa burutzeko ezinbesteko kolaboratzaile» izatea egozten die epaiak, eta hogei urte eta sei hilabeteko zigorra ezarri die euretako bakoitzari.
Fiskalaren kontaketarekin bat
Epaiaren arabera, Igarik bere emazte ohi Nina Arandigoieni egin zion proposamena. Une hartan libre zegoen baina aurretik Igarirekin espetxean egon zen Rodrigo Solaetxerekin egin zezakeela azaldu zion. Bai Arandigoienek bai Solaetxek onartu egin zuten, eta biek hil zuten Giraldo. Hala, hiltzaile izatea egotzita 21na urteko espetxe zigorra ezarri diete hilketagatik, eta zazpi hilabete baimenik gabe arma bat edukitzeagatik. Arandigoieni, gainera, beste zazpi hilabete gehitu dizkiote justiziari trabak jartzeagatik.
Epaiak frogatutzat eman du Lareok informazioa eta dirua eman ziela bi hiltzaileei. Espetxetik ateratzeko baimen bat aprobetxatu zuen Arandigoienekin elkartzeko. Giraldoren berri eman zion; non aurkitu zezaketen eta zer ordutan lan egiten zuen, kasurako. 4.000 euro ere eman zizkion, eta hilketa burututakoan beste4.000 euro ordainduko zizkiela hitzeman. Arandigoien 500 eurorekin geratu zen, eta gainontzeko 3.500 euroak Solaetxeri eman zizkion autoa alokatu zezan.
Arandigoienek Giraldori deitu zion, ezkontza bat zuela eta estetika kontuez arduratuko zen norbaiten beharra zeukala esanez. Hori zen Giraldoren ogibidea. Cordovillako etxean jarri zuten hitzordua. 13 urteko semearekin agertu zen Giraldo, eta han zituen Arandigoien eta Solaetxe zain.Solaetxek bederatzi aldiz tirokatu zuen, Arandigoien autoan ihes egiteko prest zegoen bitartean. Unean bertan hil zen Giraldo. Epaiak, baina, ez du «nahikoa frogatutzat» eman Solaetxek Giraldoren semea hiltzeko ahaleginik egin zuenik.
Hogei urtetik gorako espetxe zigorra 'Giraldo auziko' auzipetuentzat
Yamiled Giraldo prostituzio auzi batean lekuko gisara parte hartu zuelako «mendekuz» hil zutela ebatzi dute epaileekEpaiak dio ez dagoela frogatuta hiltzaileak Giraldoren semea hil nahi izan zuenik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu