François Hollande Frantziako presidentetzarako hautagai sozialistak ETAren amaiera Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko hautagaiaren «garaipen historikoa» izango litzatekeela adierazi du Madrilen, eta azaroaren 20ko bozetan lagundu egingo liokeela. «Espainiako hautesleen aurrean harrotasunez agertzeko aukera emango lizueke», adoretu ditu Hollandek PSOEko kideak. «Frantzian badakigu Zapaterok eta Rubalcabak egin dutela bukatzen ari den terrorismoaren kontrako borroka».
Ildo berean, Eduardo Madina azaroaren 20ko bozetarako PSE-EEko Bizkaiko zerrendaburuak esan du sozialisten lanari esker iritsiko dela ETAren bukaera:«Atzera bueltarik gabeko bake prozesuaren atarian bagaude PSOEren eta PSE-EEren zazpi eta bi urteko gobernuei esker da».Haren ustez, «oso albiste ona da» ezker abertzaleak Aieteko adierazpena osorik onartu izana.
Politika, bakea osatzeko
Bestalde, Madinak nabarmendu du ETAk «behin betiko amaiera eta desegitea» iragarriko balu, «une honetara iristeko lana egiten jakin duten bi gobernuek[Espainiakoak eta Frantziakoak] etorkizunean bakea egonkortzeko eta herritarren askatasunak bermatzeko ere jakingo dutela nola jokatu».
Iñigo Urkullu EAJko presidenteak, berriz, bake prozesua osatzeko «jardun politikoak» duen garrantzia nabarmendu du, bake prozesua indarkeriarik gabeko unea baino gehiago dela esanez. «Bake prozesua burutzeko pauso ugari eman behar dira adiskidetzearen eta terrorismoaren biktimen memoriaren arloetan».
Txelui Moreno ezker abertzaleko bozeramaileak, berriz, EAJk Aieteko adierazpenaren inguruan hartutako jarrera kritikatu du, garrantzitsuena ETAren behin betiko amaiera dela nabarmentzeagatik. «Urkullu eroso dago, eta ez die gatazkaren arrazoiei heldu nahi. Haientzat gatazkaren ondorioei heltzea da garrantzitsuena». Morenoren iritziz, Aieteko adierazpenaren bost puntuek «argi markatzen dute bakea eta normalizazio politikoa lortzeko jorratu beharreko bidea». Puntu horiek onartzea «erantzukizun jarduera» dela adierazi du, eta PSOEk eta PPk ere azkenean prozesuan parte hartuko dutelakoan dago.
Konponbidea sustatzeko nazioarteko konferentzia. Erreakzioak
Hollande: «ETA amaitzea Rubalcabaren garaipena da»
Bake prozesua osatzeko «jardun politikoa» ezinbestekoa dela dio Urkulluk, biktimen eta adiskidetzearen arloan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu