Iñigo Cabacasen heriotza

Homizidioa izan litekeela adierazi du EAEko fiskalburuak

Ertzainek «arduragabekeriaren bat» egin izana posible dela esan du Aresek, eta pilotak erabiltzeari uzteko aukera aipatu duUstez oldartzearen aurretik borrokan aritu ziren bi gazte atxilotu ditu Ertzaintzak

Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2012ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Iñigo Cabacas ertzainen pilotakadak hil zuela autopsiak baieztatu ondoren, delitu baten aurrean egon gaitezkeela adierazi du Juan Kalparsoro EAEko Auzitegi Nagusiko fiskalburuak: «Zuhurtzigabekeriazko homizidio» gisa izendatu daitekeela gertaera. Ikerketek homizidioa egon zela ondorioztatu dezaketela, baina, hala izatekotan ere, beharrezko zuhurtziaz jardun ez izanak eragindakoa izango litzakeela; «nahikoa argi dago ez zela nahita egindako zerbait izan». Ikerketek deliturik ez dela egon ondorioztatu dezaketela ere ohartarazi du; Cabacasen heriotza «ustekabekoa» izan zela ebatzi dezaketela.

Edozein modutan, gaztearen heriotza «bortxazkoa» izan denez, Bilboko Instrukzio Auzitegiak diligentziak abiatu ditu. Autopsia egin ondoren, Ertzaintzaren txostenak eta liskarretan parte hartu zuten ertzainen berri izateko zain dago auzitegia. Ertzainen azalpenen ondoren lekukoak entzungo ditu, eta Fiskaltzak orduan erabakiko du bere jarrera. «Pentsatzekoa da gomazko pilotak erabiltzen dituztenek jakin behar dutela min hori eragin gabe tiro egiten», esan du halere.

Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak Ertzaintzak «arduragabekeriaren bat» egin izana posible dela esan zuen atzo, aurrenekoz. «Baliteke Ertzaintzak ezarritako protokoloak bete ez izana». Hortaz, ikerketa «amaieraraino» egiteko asmoa duela adierazi du, eta egon litezkeen ardurak kitatu nahi dituela, «arduradunak egongo balira». Dimisioeskaerei ez die erantzun: «Ikerketa bultzatzea dut lehentasun».

Bi atxilotuak

Cabacas hil zuen pilota jaurti zuenak erantzukizunik duen zalantzan du Aresek, eta ikerketak iragarri ditu. Gaztearen heriotza ekarri zuen Ertzaintzaren oldartzearen aurretik ustez borrokan ibili ziren bi gazte, berriz, atxilotu egin zituen atzo Ertzaintzak. Herrizaingo Sailak zabaldutakoaren arabera 22 eta 26 urteko Bilboko eta Abadiñoko gazte bana dira atxilotutakoak, borrokan aritu zirela eta horrek ertzainak Maria Diaz de Haro kalera joan arazi zituela argudiatuta. Han zauritu zuten gero Cabacas.

Gomazko piloten erabilerari buruz zabaldu den eztabaidaren aurrean, Aresek esan du aurretik ere «material hori pixkanaka ordezkatzea» aztertzen ari zirela. Europako Batasunak piloten erabilera bertan behera uzteko eskaera mahai gainean duela eman du aditzera. Hala ere, azalpenak Eusko Legebiltzarrean emango dituela argudiatuta, ez du zehaztapenik eman. Litekeena da gaurko agerraldian gaiari buruzko erabakiren bat plazaratzea.

Ertzaintzaren jarduteko modua aldatu beharra dagoela onartu ere egin du, nolabait: «Denok egin behar dugu egoera berrira egokitzeko ahalegina; Ertzaintzak ere egokitzeko lanak egiteko konpromisoa hartzen dut».

Erne ertzainen sindikatuak baliabideak aldatzeko eskatuz oharra kaleratu du. «Egoera jendetsu eta inkontrolatuetan egun erabiltzen den materiala erretiratzeko» eskatu du; «kontrol» eta «ardura» handiagoz erabiltzea ahalbidetzen duten baliabideak jartzeko ertzainen eskura. Athletic-ek nazioartean jokatzen duenean atzerriko poliziak «modu eraginkorrean» aritzen direla azaldu, eta horien ereduei jarraitzeko proposatu du.

Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak polizia denak oso profesionalak direla esan du. «Zoritxarrez gorabeherak beti gertatu daitezke; sentitzekoa da».

Bilboko Udalak eta Basaurikoak Cabacasen heriotzagatik samina azaldu eta gertaerak ikertzeko eskatu dute. Bilbon Bilduk ez du proposamena onartu, heriotza Ertzaintzaren pilotak eragin zuela «ezkutatu» delako, eta ez delako deitu Udalak bortxazko hilketetan antolatu ohi duen protestara. Bilduk berak antolatu du gaur 12:00etan bost minutuko isilunea udaletxeko eskilaretan.

Bestalde, gaur 20:00etan Bilboko Zabalburu plazan eserialdia egiteko deia zabaltzen ari zen atzo sarean, twitter bidez. Ertzaintzaren polizi etxea dago bertan.

Atzo hileta, igandean protesta

Bien bitartean, ehunka lagun joan ziren atzo egin ziren hileta elizkizunetara; tartean Athletic-eko jokalariak eta klubeko zuzendaritzako ordezkariak.

Peñen elkarteak eta Abertzale Sur, Herri Norte eta Piratak taldeek igandean salatuko dute gertaera. 16:30etan Moyuatik San Mamesera protesta isilean joango dira. Partidaren zati bakoitzeko lehen 9 minutuak isilean egingo dituzte, eta 10.ak Cabacasi eskainitako txaloz beteko dituzte.

Horrez gain, Athletici ereserkia ez jotzeko eskatu diote, «adeitasun» keinu gisa. Zaleei, berriz, partidara Athleticen arropa beltzekin joateko eta balkoietako banderetan xingola beltzak jartzeko, zein kalean kandelak pizteko proposatu diete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.