Homosexualen ezkontzak legezko jo ditu Gallardonek

Justizia ministroak adierazi du auzitegiaren erabakiaren zain egongo direla legeari buruz erabaki bat hartzeko

Erredakzioa
Donostia
2012ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
«Auzitegi Konstituzionalak erabaki bat jakinarazi arte itxaron behar dugu. Dena den, nire ustez,legea ez da konstituzioaren aurkakoa». Espainiako Justizia ministro Alberto Ruiz-Gallardonek homosexualen arteko ezkontzak arautzen dituen legearen inguruan duen iritzia da hori. Atzo egin zituen adierazpen horiek, SER irrati katean emandako elkarrizketan. Bertan, berretsi zuen legeak indarrean jarraituko duela, auzitegiek erabaki bat hartu arte PPk —Ruiz-Gallardonen alderdia— jarritako helegitearen inguruan.

Espainiako aurreko gobernuak (PSOE) 2005ean onartu zuen homosexualen ezkontzak arautzen dituen legea. PP, aldiz, aurka agertu zen, eta helegitea aurkeztu zuen. PPren arabera, Espainiako Konstituzioak gizon eta emakumeen arteko ezkontzak baimentzen ditu soilik. Legeak konstituzioa urratzen duela argudiatu zuen PPk. Gainera, haurrak adoptatzeko eskubidea aitortzen die legeak bikote homosexualei. PPren esanetan, adingabeen interesen aurka dago hori.

Ruiz-Gallardonek, berriz, uste du konstituzioa errespetatzen duela legeak. Espainiako Gobernuaren barruan, ordea, iritzi kontrajarriak daude. Jorge Fernandez Barne ministroak berehala erantzun die Ruiz-Gallardonen hitzei. «Legeak konstituzioa errespetatuko balu, ez genuen aurka bozkatuko; eta are gutxiago helegite bat jarriko. Dena den, Raxoi presidenteak beti defendatu duen moduan, erabaki bat hartzeko Auzitegi Konstituzionalak zer dioen ikusi beharko dugu».

Itxaroteko beharra defendatu du, baita ere, PPren Espainiako Kongresuko bozeramaile Alfonso Alonsok. «Nikhomosexualek ezkontzeko eskubidea dutela defendatu izan dut, eta orain ere hori uste dut. Baina iritzi pertsonalen gainetik alderdiarena dago,eta errespetatu egin behar da».

PSOEk, berriz, Ruiz-Gallardonen «itxurakeria» salatu du. «Kontraesan bat da, edo, bestela, PP engainatzen ari zaigu berriro. Zentzugabea da esatea legean ez dutela konstituzioaren aurkako ezer ikusten eta helegiteari eustea. Mehatxu hori dagoela, ezingo gara lasai egon», esan du Carmen Mantonek. Legeak izan duen garrantzia azpimarratu du: «Ezkontza eskubide bat izatea lortu da».

Abortuaren legea

Homosexualei ezkontzeko eskubidea aitortzen dien legeaz ez ezik, abortuaren legeaz ere mintzatu zen Ruiz-Gallardon. Egungo legea aldatuko dutela berretsi zuen. «Auzitegi Konstituzionalak hiru aldiz eman du iritzia lege horren inguruan, eta doktrina argia da: umekiak ezin du babesik gabe egon. Kasu horretan, uste dugu epeak zehazten dituen lege batek bebesik gabe uzten duela umekia. Horregatik aldatuko dugu».

Ruiz-Gallardonek esan du aurreko legea indarrean egon zen urteetan emakume bakar bat ere ez zutela kartzelatu. «Lege berriak ere ez du zigorraren zama emakumearen bizkar jarriko. Izan ere, emakumea da abortuaren lehen biktima». Amatasunerako eskubidea bermatzeko egitasmoak laguntzea eta sustatzea izango da Espainiako Gobernuaren xedea. «Ez dakigu noiz aurkeztuko dugun proposamen berria, hainbat azterketa egin behar baititugu. Baina galdutako adostasuna berreskuratzeko balioko duela espero dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.