Homosexualitatea patologiekin lotu izan du Elosegi epaileak

Estrasburgoko auzitegian ariko da legelari donostiarra. Gaitz sexualak homosexualen «promiskuitatearen ondorioz» ugaritu direla esan izan du

Maria Elosegi katedraduna, Zaragozako Unibertsitatean. JAVIER BELVER / EFE.
Ion Orzaiz.
2018ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
«Jokabide sexuala haien sexu biologikoaren arabera eraikitzen dutenek jokabide orekatu eta osasuntsua izango dute, eta haien biologiaren kontra aritzen tematzen direnek hainbat patologia garatuko dituzte. Hori argi dago». Hautsak harrotu dituzte Maria Elosegi Itxaso epailearen adierazpenek (Donostia, 1957). Giza Eskubideen Europako Auzitegiko epaile aukeratu zuten asteartean, eta zeresana eman dute, bereziki, azken urteetan homosexualitatearen eta transexualitatearen inguruan esan dituenek, bai bere liburuetan, bai hedabideetan.

El rostro de la violencia. Más allá del dolor de las mujeres (Indarkeriaren aurpegia. Emakumeen minetik harago) liburuan, adibidez, «generoaren araberako sexu harremanak» defendatu zituen Elosegik, 2002an. Haren esanetan, fideltasuna da bikotearen zoriontasunerako baliorik garrantzitsuena, eta sexu berekoen arteko harremanak balio horretatik urrunago kokatzen ditu harreman heterosexualak baino. Harreman homosexualak «askoz ere konpultsiboagoak» dira, Elosegiren iritziz, eta «bikote kopuru handi bat izatera darama». Ziurtatu du gaixotasun sexualak eta «patologia psikosexualak» handitu egin direla harreman homosexualekin lotzen duen promiskuitatearen ondorioz.

Alor politikoan, berriz, Parot doktrina indargabetzeko erabakia babestu zuen Elosegik, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak neurri hori hartu zuenean. Efe agentziari eskainitako elkarrizketa batean esan du giza eskubideen defentsa «aparta» egiten duela Estrasburgoko auzitegiak: «Giza eskubideei dagokionez, kultura handia dago Europako Batasunean».

Europako Kontseiluko Parlamentu Batzarrak Giza Eskubideen Europako Auzitegirako epaile aukeratu zuen, asteartean. 144 aldeko botorekin gailendu zituen Jose Martin y Perez de Nanclares eta Francisco Perez de los Cobos Espainiako gainontzeko hautagaiak. 2026ra arte izendatu dute Estrasburgoko auzitegiko kide.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.